Joxe Agirreri buruzko saio berezia emango dute zapatuan, ETB-1en

Uztarria.eus 2012ko abe. 20a, 12:47

Joxe Agirreri buruzko saioa ETB-1en emango dute.

Zapatuan, hilak 22, 15:30ean hasita, Joxe Agirre Oranda zenaren inguruko saio berezia emango dute Joxe Agirre, Izarraizko azeria izenburupean. Hitzetik Hortzera saioko lan taldeak prestatu du.

Joxe Agirre Oranda bertsolari zendu berriari buruzko programa berezia prestatu du Hitzetik hortzera-ko taldeak, plazaz plaza bildutako bertsoaldiak ardatz hartuta, eta ETB-1en izango da ikusgai Joxe Agirre, Izarraizko azeria, zapatuan, 15:30ean hasita.

Agirreren bertsoaldi hautatuak eta Izarraizko bertsolariari buruzko iritziak josiz egin du programa Hitzetik hortzera-ko lantaldeak. Bakarka egindako lanetan gozatu ahal izango da Oranda-ren artea, puntuei erantzuten, zein emandako gaiei kantari. Baita ofiziotan ere, besteak beste, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano, Amets Arzallus edo Arrate Illarorekin. Agirreri buruzko iritzi bilketa ere egin dute, eta galderak egin dizkiote Jokin Uranga, Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Xabier Euzkitze, Sebastian Lizaso eta Joxean Agirreri. Duela urte batzuk Agirrek Manuel Sein Xanpun, Jon Azpillaga eta Joxe Lizasorekin Rezola sagardotegiko mahai-jiran egindako tertuliako pasarteak ere emango dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide