Presoen eskubideen aldeko ekimenak antolatu dituzte Gabonetarako

Uztarria.eus 2012ko abe. 20a, 19:02

Abenduaren 24ko elkarretaratzeaz eta 31ko manifestazioaz gain, 28an mosaiko erraldoia egingo dute, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia eginez. Azpeitiko Bilduk bat egin du mobilizazioekin.

Aurten ere, presoen eskubideen aldarrikapena presente egongo da Gabonetan Azpeitian. Hain zuzen ere, Azpeitiko Herrira Herri Bilguneak hiru ekimen antolatu ditu datozen egunetarako.

Abenduaren 24an, urtero legez, elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:00etan hasita. Presoen eskubideen aldeko hurrengo hitzordua abenduaren 28an, ostirala, iritsiko da. Egun horretan, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako deia egingo dute, mosaiko erraldoi bat osatuz. Plazan egingo dute mosaikoa, Bilbora bai leloarekin, 19:00etan. Urte Zahar egunean, berriz, manifestazioa egingo dute igerileku aurretik abiatuta, hura ere 19:00etan hasita.

Bildu: "Sakabanaketa politikari amaiera ematea eskatzen dugu"

Azpeitiko Bilduk, bere aldetik, oharra plazaratu du, Gabonetan presoen eskubideen inguruan egingo diren mobilizazioekin bat egiten duela adieraziz eta mobilizazio horietan parte hartzeko deia luzatuz.

Honela dio oharrak:

"Azpeitiko Bildu talde politikoak, Giza Eskubideen Deklarazioaren edukia aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe uztea eskatzen dugu.

Zehazki, sakabanaketa-politikari amaiera ematea eskatzen dugu, kartzelan dauden pertsonek eskubidea baitute zigorra etxetik hurbil betetzeko. Baita, gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre gelditu daitezela, eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia bete dadila zigorra bete duten 67 presoak aske utziz. Hauen artean Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra dago. 23 urte daramatzana giltzapean, eta 2009an bete zuen ezarritako bere zigorra.

Salbuespen neurri hauek sufrimendu handia eragiten dute gizartean. Bai zuzenean neurri horiek jasaten dituztenei, baita gizarte osoari ere. Euskal herritarrok apustu garbia egin dugu bakearen eta giza eskubideen alde. Sufrimendu hau buka dadin, neurri hauek desagerrarazteko, aski litzateke legeria arrunta aplikatzea.

Indarrak bildu eta estatuei beren legeriak betearazteak, bere biziko garrantzia du bake prozesu honetan. Horregatik, Azpeitiko Bilduk bat egiten du gabonetan zehar herrian eta Bilbon antolatu diren presoen eskubideen inguruko ekimenekin eta parte hartzeko deia luzatzen diogu herritar orori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide