Lehen itzuliari amaiera emateko zer hoberik derby bat baino? Azpeitiko kiroldegia bete egin da gabon bezpera hauetan Azpeitia Azkoitia ISBren eta Gasteizko Aurteneche Maquinaria Euskadiren neurketa ikusi ahal izateko. Gasteiztarrak iazko ezustekoa izan ziren eta nahiz eta aurten denboraldi gorabeheratsua burutzen ibili eta azken hiru neurketetan garaipena lortu gabe heldu, jokalari bikainez osotutako taldea dela ezin ukatu daiteke. Iurgi Caminosen mutilak berriz, Kopari agur esan behar izan eta gero, zaleen aurrean zuten zorra nolabait kitatzeko gogoz heldu dira neurketara. Irabazteak goia aldean mantentzea suposatzen zuen, gerora playoffetan sartzeko aurkari izan daitekeen bati bi garaipeneko aldea zabaltzeaz aparte. Baina, ia partidu osoan zehar nagusi izan eta gero, azken laurdenean arabarrek neurketari buelta ematea lortu dute eta gipuzkoarren seigarren garaipena barik, gasteiztarren bosgarrena iritsi da.
Neurketa bizi-bizi hasi da. Bi taldeek korrika egin eta jokaldi motzak egiteko nahiarekin irten dira kantxara. Bazirudien gainera batak egiten zuena besteak kopiatu nahi zuela eta markagailuan parekotasuna ikaragarria izan da hasierako minutu hauetan. Mick Hedgepethek puntuak sartzen bazituen, Pantinek erantzun egiten zuen. Arruti zela asmatzen zuena, Motosek beste horrenbeste egiten zuen beste uztaian. Notizi txarra Azpeitia Azkoitia ISBrentzat partidua hasi eta segituan Kearseri adierazitako bi falta pertsonalak. Beñat Barberenak hala ere, nahiko ondo bete du amerikarraren hutsunea (berez lehen laurdeneko jokalari baloratuena izan da 9rekin). Partiduak ez zeukan jaberik eta zorotasun horretan hobeen moldatzen jakiten zuenak irabazteko asko izango zuela argi ikusten zen. Guridiren irteerak defentsan beste puntu bat eman dio etxeko taldeari, bi baloi lapurtu dituzte jarraian eta horrek ahalbidetu du lehen laurdenaren amaieran 21 eta 16 aurretik joana ahal izatea.
Bigarren laurdena Justok jarraian eskuratutako bost punturekin hasi du Iraurgik. Defentsan ere sendo zebiltzan Iurgi Caminosenak eta gasteiztarren huts bat edo beste erakarri du horrek. Iñaki Merinok segituan hutsartea eskatu behar izan du bere taldearen lana zuzendu ahal izateko. Baina gipuzkoarrek nagusi zirela erakutsi nahi zuten eta lortu dute. Pantin puntuak sartzen hasi da eta 12 puntuko zuloa zabaldu du, baina bigarren falta ere adierazi diote eta aulkirako bidea hartu behar izan du. Baina Aurtenechek arazoak zituen saskira begira eta minutu pare bat egon da ezin asmatu. Horrek lasaitasun pixka bat eman die etxekoei, baina aldea gehiago ezin izan dute zabaldu, Motosen eta Ibargutxiren ahaleginak ezerezean geldituta. Atsedenaldira 36 eta 27.
Kearsek partiduan zela erakutsi nahi izan du eta hirugarren laurdenaren lehen minutuetan bi birrintze ikusgarri egin ditu zaleak berotzeko. Puntuak batzen jarraitzen zuen etxeko taldeak, gainera ondo bananduak, ia guztiek begiratu ahal izan dutelako uztaira. Gutxika-gutxika aldea zabaltzen joan da. Kanpotarrek baina, lanean jarraitu dute eta Ilimane Diopek eta Georvys eliasek partiduan sartu dituzte berriz. Bederatzira jarri dira arabarrak, baina etxekoek zuten abantaila ondo kudeatzen jakin dute eta momentu bakarrean ere ez da jaitsi bederatzi puntu horietatik. Azken laurdenera 53 eta 44.
Partiduak ezin dira sekula amaiera arte irabazitzat eman eta hori erakutsi nahi izan dio Aurtenechek Azpeitia Azkoitia ISBri. Hiru huts jarraian etxekoen partetik erasoan eta arabarrak lau puntura jarri dira (53-49). Urduritasuna iritsi da etxekoengana eta saskiratze errazak ziruditenak huts egiten hasi dira. Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan du bere mutila lasaitze aldera, partidua oso arriskutsu bihurtzen baitzebilen. Baina ez da erraza izaten goraka dagoen talde bat gelditzea eta majo kosta zaie hori lortzen etxekoei. Gasteiztarren bolada Justok apurtu du hiruko batekin, baina oraindik asko gelditzen zen sufritzeko eta Diopek bi saskiratze jarraian lortuta 60 eta 63 jarri du Araberri 58 segundoren faltan. Etxekoek neurketa berdintzeko egindako ahalegin guztiak antzuak izan dira Azpeitia Azkoitia ISBk denboraldiko bigarren derbya galdu du: 61 eta 64.