Olentzero umore onez ailegatu da

Uztarria.eus 2012ko abe. 24a, 20:07

Ohi baino eguraldi epelagoagatik edo, besterik gabe, abenduaren 24a beretzat egun handia delako, baina kanturako eta dantzarako gogoz beteta iritsi da Azpeitira Olentzero. Eta, bai, baita opari pila bat banatzeko intentzio osoarekin ere. Harrera ere ez diote nolanahikoa egin azpeitiarrek: idiek zeramaten organ kalez kale ibili dira ikazkin oparigilea eta Mari Domingi, Itsasiko ttuntturroekin, musika eskolako trikitilariekin, txistulariekin eta argi-zuziz eta kantuz lagunduta. Gero, plaza Nagusian, are jende gehiago inguratu zaie eta han ere kantuz hartu dituzte bi protagonistak. Olentzero eta Mari Domingi ere ez dira atzean geratu, kantu eta dantza kontuan. Eta halako harrera eskertzeko, gaztainak banatu dituzte umeen artean, bitartean azken orduko gutunak ere jasoz.

Olentzeroren harrera bukatzearekin bat, Gabon iluntzeko beste ekitaldi ezagun batek hartu ditu kaleak, Jaiotzaren kalejirak. Kantuan, txistu eta soinu doinuekin, gabon kantu ezagunak aletzen ibili dira Julian Barrenetxea Abesbatzakoak eta haiekin bat egin duten herritarrak, jai giroa barreiatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide