Laguntzaileak aurrena, erregeak gero

Uztarria.eus 2013ko urt. 4a, 17:11

Magoen pajeak plazan egongo dira gaur, ostirala, 17:30etik aurrera, azken orduko eskutitzak jasotzeko. Bihar, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasarren txanda izango da, arratsaldean eta iluntzean.

Igandean ospatuko da Errege Magoen eguna. Baina, urtero legez, festa giroa aurretik hasiko da, batik bat umeentzat. Hala, gaur, ostirala, erregeen pajeak Azpeitian izango dira, plazan, azken orduko gutunak jaso eta gozokiak banatzeko prest. 17:30etik aurrera beteko dute eginkizunarekin.

Bihar, berriz, hiru erregeak iritsiko dira herrira. Meltxor, Gaspar eta Baltasar trenez etorriko dira aurten ere. 17:30ak aldera ailegatuko dira Burdinbidearen Euskal Museora eta haurrek hantxe izango dute bisitariei aurreneko harrera egiteko parada.

Hiru Erregeekin bigarren zita, berriz, 19:00etatik aurrera izango dute. Ordu horretan hasiko da igerileku aurretik urteroko kabalkada. Kalez kale ibiliko dira erregeak, aurrena Sanjuandegin zehar, eta ondoren Jose Artetxe, Artzubia, Arana, Bustintzuriko Errebala, Goikokale, Enparan, Erdikale eta Elizkaletik pasatuta, plaza Nagusira iritsi arte. Udaletxeko balkoira igo eta plazan elkartutako jendea agurtu ondoren, San Martin Egoitzan bukatuko dute urteroko bisita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide