Herri-bideen inbentarioa jendaurren aurkeztuko dute urtarrilaren 7an

Uztarria.eus 2013ko urt. 4a, 18:27

Udalak behin-behinean onartu zuen abenduko udalbatzarrean eta alegazioak egiteko epea zabalik dago oraindik, hil honen 15a arte. Asteleheneko aurkezpena udaletxean egingo dute, 19:30ean. Gainera, inbentarioa egin duten enpresako kideak datozen egunetan Azpeitian izango dira, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzen laguntzeko.

Azpeitiko herri-bideen inbentarioa osatu berri du Udalak. Joan den abenduko udalbatzarrean behin-behinean onartu ondoren, eta orduan aurreratu bezala, orain jendaurrean aurkeztuko dute inbentarioa. Aurkezpena astelehenean, urtarrilaren 7an, izango da udaletxean, 19:30ean.

"Gaiak duen garrantzia ikusirik" antolatu dute aurkezpena eta "azpeitiarrak gerturatu eta herribideak ezagutzeko deia" egin du Udalak. Herri-bideen inbentarioa horri alegazioak edota ekarpenak egiteko epea zabalik dago oraindik, hil honen 15a arte.

Kezkak eta galderak argitzeko

Asteleheneko bilera irekiaz gain, inbentarioa egin duen enpresako kideak datozen egunetan Azpeitian izango direla jakinarazi du Udalak, herritarren gaiarekiko zalantzak, kezkak eta galderak argitze aldera.

Urtarrilaren 7an, 9an, 12an, 14an, 16an eta 19an egongo dira aipatutako teknikariak udaletxean, goizez 09:30etik 13:30era eta arratsaldez 15:30etik 19:30era. Haiekin egon nahi dutenek aurrez txanda hartu beharko dute, Udaleko Hirigintza saileko 943 157191 telefonoan.

Azkenik, inbentarioaren dokumentazioa norbaitek bere kasa kontsultatu nahi badu ere udaletxean egin dezake, bulego orduetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide