Iritsi dira Erregeak Azpeitira

Uztarria.eus 2013ko urt. 5a, 18:52

Azken urteetako legez, trenez iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, Errege magoak, Ekialde Urrunetik Azpeitira. 17:30ak pasatxoan iritsi dira Trenaren Museora, eta dozenaka haur eta gaztetxo zituzten zain.

Bertaratzerik izan ez dutenek edo Erregeak berriz ikusi nahi dituztenek, 19:00etatik aurrera izango dute horretarako aukera. Izan ere, 19:00etan abiatuko da kabalgata, igerileku aurretik, eta kalez kale ibiliko dira: aurrena Sanjuandegin zehar, eta ondoren Jose Artetxe, Artzubia, Arana, Bustintzuriko Errebala, Goikokale, Enparan, Erdikale eta Elizkaletik pasatuta, plaza Nagusira iritsi arte. Udaletxeko balkoira igoko dira segidan, eta urteroko bisita egingo dute San Martin Egoitzan.

Atzo, berriz, erregeen pajeak izan ziren plazan, eta hainbat haur joan zen haiei gutunak eman edota haiek emandako gozokiak jasotzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide