Emakumeentzako lasterketa saioak antolatu ditu Udalak, zazpigarrenez

Uztarria.eus 2013ko urt. 8a, 12:46

Duela bi urteko partaide batzuk.

Zazpigarren urtez jarraian antolatu dute ekimena eta datorren astelehenean, hilak 14, hasiko da. Bi talde izango dira, goizekoa eta arratsaldekoa, eta bilera informatiboa egingo dute ostegunean, igerilekuan.

Azpeitiko Udal Kirol Sailak duela zazpi urte jarri zuen abian emakumeei zuzendutako kirol ekimena da Zuk ere ahal duzu! Etorri lasterka egitera. Aurten zazpigarrenez antolatu dute ekimena, eta urtarrilaren 14an, astelehena, hasiko da.

Saioetan 16 urtetik gorako emakumeek hartu dezakete parte, eta goizeko eta arratsaldeko taldeak osatzea dute helburu. Goizetako taldeak astelehenetan eta astearteetan izango dituzte korrika saioak 10:00etatik 11:15era, kiroldegian eta igerilekuan elkartuta, hurrenez hurren. Aldiz, arratsaldeetako taldeak astearteetan eta ostegunetan izango dituzte entrenamenduak, igerilekuan elkartuta, eta 18:15etik 19:30era izango dituzte jardunaldiak. Saioak doan izango dira eta izena igerilekuan edota Kirol Sailaren bulegoan eman daiteke, 943 15 00 95 zenbakira deituta edo kirolak@azpeitia.net helbidera idatzita.

Bilera, hilaren 14an

Lasterkako lehen saioaren aurretik, ekimenaren berri emateko bilera deitu du Udalak urtarrilaren 10a, ostegunerako. Igerilekuan izango da, goizeko taldearentzat 10:00etan, eta arratsaldekoarentzat 18:15ean. Kirol Sailak jakinarazi duenez, "bilerara joatea interesgarria da, partaideek euren zalantzak argitzeko eta galderak egiteko tartea izango dute-eta". Ekimena "inoiz korrika egin ez dutenentzat dago egokituta", azaldu dute.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide