Gureak laugarren Euskadirekin

Bai mutiletan eta baita nesketan ere, Euskadi laugarren gelditu da Espainiako Txapelketan.

Argazkia: Basketbasko.com
Argazkia: Basketbasko.com

iraurgisb.com. Igandean bertan amaitu zen Zaragozan jokatu berri den Espainiako Autonomien arteko Txapelketa eta Euskadirekin jokatu duten Iraurgiko jokalariek laugarren postuarekin konformatu behar izan dute, bai nesketan eta baita mutiletan ere.

Txapelketa bikaina jokatu eta gero, larunbatean bi taldeek final-erdietara iristea lortu zuten. Maite Galdos, Eneritz Larrañaga eta Mirari Ugarteren Euskadik Kataluniaren aurka jokatu behar izan zuen finalaren bila. Iñaki Jimenezek zuzentzen dituen neskak hasiera-hasieratik oso deseroso ibili ziren. Ez zuten final-erdietara eraman zituen jokoa aurkitzeko modurik eduki eta kataluniarrak oso nagusi izan ziren. Atsedenaldirako neurketa ia erabakita zegoen, Kataluniak 16 puntuko aldea zeukalako jada eta horri buelta ematea ezinezkoa izan zelako hurrengo minutuetan ere. Brontzearen bila borrokatu behar izan zuten, beraz, hurrengo egunean eta aurkaria, beste talde handi bat: Madril. Borroka polita ikusi ahal izan zen nesken artean. Izan ere, neurketa oso parekaturik joan zen amaiera arte. Batek partzial gogor bat lortzen zuela alde laurden baten, besteak berdina egiten zuen hurrengo laurdenean. Azken bost minutuetara arte horrela joan zen neurketa, baina madrildarrak aurretik ziren eta ez zuten utzi Euskadikoak aurretik jartzerik. Azkenean, gainera, euskaldunek egindako esfortzu guztiek nekea eragin zuten eta 38 eta 48 galtzen amaitu zuten.

Mutilei dagokienez, hauek ere laugarren postuan amaitu dute azkenean. Final-erdietan Aitor Astigarragak jokalari duen selekzioak Madrilen aurka jokatu behar izan zuen. Partidu hasiera kaxkarra eduki zuten Xabier Chicok zuzentzen dituen mutilek eta aldapa gora jarri zitzaien partidua berehala. Bigarren laurdenean, gauzak hobetu beharrean okerrera joan ziren eta atsedenaldirako neurketa erabakita zegoen, batetik Madrilek 25 puntuko aldea zeukalako eta bestetik bigarren zatian ere, markagailua alde zutela bikain jokatzen jakin izan zutelako. Beraz, brontzearen bila joan behar izan zuten igandean euskaldunek eta aurkaria: Kanariar uharteak. Nesken neurketan gertatu zenaren antzera, partidua oso parekatua hasi zen, baina bigarren laurdenetik aurrera kanariarrak abantaila hartzen hasi ziren gutxika-gutxika. Atsedenalditik bueltan euskaldunek egindako esfortzu guztiak ezerezean utzi zituzten irletakoek, 6,75eko marratik jaurtiketak behin eta berriz asmatuta. Amaieran, erraz irabazi zuten kanariarrek.

Beraz, eta laugarren postuan amaituta ere, Euskadiko Selekzioak egundoko txapelketa burutu du eta horregatik, zorionak Iraurgi SBko familiaren partetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide