Nuarben hutsik gelditu diren etxebizitzak eta garajeak zuzenean alokairuan emateko akordioa onartu du Udalak

Uztarria.eus 2013ko urt. 9a, 19:52

Azpeitia Lantzen-eko administrazio kontseiluan abenduaren 12an hartutako erabaki hori berretsi dute urtarrileko Udalbatzarrean. Azaroko azken zozketa eta gero libre gelditu diren etxebizitzak dira alokairuan eskatu ahal izango direnak, deialdi haren baldintzak betez gero. Etxeetako bat abenduan bertan etxetik kanporatu duten herriko familia bati eskaini diotela esan zuen alkateak. Gaur, berriz, Udala etxe-kaleratzeen aurkako protokoloa lantzen ari dela aurreratu du.

Udal babeseko edo tasatutako bederatzi etxebizitza eraiki zituzten Nuarben baina, hainbat zozketa eta baldintza aldaketaren ondoren, oraindik horietako batzuk eta hainbat garaje hutsik daude. Horregatik, eta joan den azaroan etxe horiek alokairuan eskainiz egindako azken zozketa eta gero, Azpeitia Lantzen udal sozietateak gelditzen diren etxe eta garajeak zuzenean alokairuan eskaintzea adostu zuen, abenduaren 16an. Atzo, asteartea, urteko aurreneko Udalbatzarrean akordio hori aho batez berretsi zuten. Horrenbestez, Nuarbeko etxebizitza edo garaje horietako bat alokairuan nahi duenak zuzenean eskatzeko auketa izango du, azken zozketa egin zeneko baldintzak betez gero, beti ere.

Etxe-kaleratzeen aurkako protokoloa

Etxe horietako bat abenduan bertan etxetik kanporatu duten herriko familia bati eskaini diotela esan zuen alkateak plenoan. Gaur, berriz, Udala etxe-kaleratzeen aurkako protokoloa lantzen ari dela aurreratu du.

Eneko Etxeberriak "bereziki salatu" nahi izan du aipatutako familiari gertatutakoa. "Familia oso bat, adin txikiko bi umerekin, kalean uztea bortizkeria onartezina" dela esan du alkateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide