Imajinatu ezazu zeure burua hogei kilo gehiagorekin Errege Egunean... Horietako gutxi batzuk baino ez dira izango barruan goxo-goxo gordeta duzun txikiarenak. Badator...
Erditze uneaz asko hitz egin dizute, asko irakurri duzu, baina ikaratuta zaude. Erdiminak dituzunean jabetuko zara esentziaz, badatorrenaz. Minari aurre nola egin jakitea ez da erraza. Gaztetasunak ere ez zaitu horretatik libratzen.
Imajinatu ezazu txikia zure besoetan, ahul bezain eder... Litekeena da berehalakoan ez asmatzea bularra ematen, fardela aldatzen, lehen bainua ematen... Eta zer? Eginak erakusten du bidea.
Imajinatu ezazu "ama" deitzen dizuneko unea... Tituluetan tituluena...
Imajinatu ezazu denbora azkar pasatzen dela, nahi baino azkarrago beharbada. Akordatzerako ikastolako atarian zaude txikiaren zain, merienda poltsan hartuta. Barruan utzi duzunean negarrez geratu da, eta zure bihotza, mila zati eginda. Zure besoetara dator korrika, zu besarkatzera, indartsu. "Beharrezkoa al zen nire umeak trantze hau pasatzea?". Batzuetan baietz irudituko zaizu, beste askotan ezetz...
Eta hain maitea zuen txupetea Olentzerori eman zioneko hura? Imajinatu ezazu, ahaztu egiten baita.
Imajinatu al duzu zer gertatuko litzatekeen, zure txikiaren ondoan termometroa mila zati eginda topatuko bazenu? Zer egiten du umeak txikia denean? Dena ahora eraman, ezta? Korrika joango zara pediatrarengana merkurioa non demontre egon daitekeen galdetzera. Flipatuta zaudela pentsa dezake, baina ez dizu esango. Zainzuriak emateko esango dizu, jan ditzala umeak zainzuriak uneoro. Merkurioa barruan badago, zainzuriek bilduko omen dute, gero kanporatzeko... Eta egun gutxiren buruan topatuko duzu ditxosozko merkurioa lurreko egur xaflen artean bildu-bildu eginda, kasualitatez... Ez da modu txarra zainzuriak jaten ikasteko...
Larunbat goizak, futboleko eta saskibaloiko partidetan murgilduta... Ba imajina ezazu pilotara ere apuntatu dela esaten dizunekoa. Ez dago mugarik larunbat goizeko zazpietan jaikitzen utziko ez dizunik. Bera nora, zu hara.
Imajinatu itzazu zure txikiaren ikastolako informeak, notak urtez urte. Hemen hobeto, han okerrago... Ez zara lasai oheratuko, eguna esnatzerako pasatuko bazaizu ere. Zu akaso perfektua al zinen?
Eta bai... Imajinatu itzazu gero bere parrandak... Zureen ez oso desberdinak... Mina ematen du, ezta?
Hortik aurrerako urteak ziztu bizian pasatuko direla imajinatu dezakezu. Akordatzerako...
Iritsiko zaio selektibitatearen urtea, urte zaila, madarikatua... Zuk oraindik hain presente duzun instant nazkagarri hura. Baina zerbait izango bazara, arauak arau, gainditu egin behar...
Imajinatuko duzun moduan, jada ez dago zurekin. Etorkizunari heldu dio, zerutik euria baino ez baitator. Lotzen zintuen zilbor-hestea moztu zenuten jaiotzean, orain dator gogoarena, gogorrena.
Erabakiak hartu dituzu gaur arte, eta hartuko dituzu aurrerantzean ere, baina garrantzitsuenak berak hartutakoak izango dira. Aspaldi hasitako eraikuntzaren bidea bakoitzak definitu beharrekoa delako. Baina hortxe egongo zara zu behar zaituenerako, beste batzuetan adarra jotzeko. Etorkizunari, ikuspegi desberdinarekin bada ere, desioz eta itxaropenez begiratzeko.
Imajinatu gabe ere badakizu esperientzia zoragarria izan dela.
Imajinatu ezazu, azkenekoz, zure burua, Errege Egunaren hurrengo egunean, duela hemeretzi urte... Zorionak!!