Festarako deia egina dago

Uztarria.eus 2013ko urt. 15a, 19:16

Sansebastianetan era batera edo bestera parte hartuko duten talde, elkarte eta ikastetxeetako ordezkariek, Udalekoekin eta Txokolotarrekin bat egin dute aurtengo jaiak aurkezteko. Goizeko izarra-ren doinuak aurreneko aldiz entzungo dira danborradan. Mandioko polka-k, berriz, 25 urte beteko ditu.

Sansebastianak gain-gainean dira eta, aurten, urtarrilaren 19tik 21era luzatuko den festa egitarauan parte hartuko duten herriko talde, elkarte eta ikastetxeetako ordezkariek bat egin dute, festarako deia herritar guztiei luzatzeko. Atzo, astelehena, udaletxeko Areto Nagusian elkartu ziren guztiak, Udaleko Festa Batzordeko kideekin eta Txokolo txistularien oinordekoekin. Han ziren helduen eta haurren danborradan aterako diren taldeetako kide bana, Musika Bandako zuzendari Unai Frantzesena eta sokamutilak, besteak beste.

"Sansebastianak festarik parte-hartzaileenak" direla ekarri zuen gogora Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalek, jaiegun horietan festaren protagonista izango diren ehundaka lagunak kontuan hartuta, atondu duten egitarauaren zertzelada nagusiak azaldu aurretik.

Goizeko Izarra eta Mandioko polka

Aurten pieza berria estreinatuko dute sansebastianetako danborradan: Goizeko Izarra. Unai Frantzesenak danborrekin jotzeko moldatu du Joxe Mari Gurrutxaga Txokolo Zaharra-k txisturako sortu eta ondoren Jose Maria Altunak bandarako moldatua zuen pieza ezaguna. Mikel Ibarzabalek esan zuenez, danborradak antolatzeko taldeekin egiten dituzten bileretan sortu zen pieza berriren bat sartzeko proposamena. "Pieza erraza eta azpeitiarra" izatea eskatu ziotela azaldu zuen, bere aldetik, Frantzesenak. Gaur, asteartea, Izarraitz frontoian egingo duten helduen aurrenengo entseguan entzun ahal izango da nola gelditu den danborradarako moldaketa.

Ibarzabalekin eta Frantzesenarekin batera, Txokolo Zahar zenaren bilobak ere izan ziren. Pozik eta "eskertuta" agertu ziren aitonaren doinua aukeratu izanarekin.

Baina, Goizeko Izarra ez da izango, musikaren aldetik, aurtengo danborradetako protagonista bakarra. Izan ere, Jose Luis Frantzesenaren Mandioko polka-k 25 urte beteko ditu, eta hori ere kontuan izango dute festetan.

Egitaraua

Urtarrilak 19, zapatua, San Sebastian bezpera

  • 22:15: Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, herriko kaleetan zehar HELDUEN DANBORRADA.

  • Gauerdian, talde guztiak elkartuta, plaza Nagusian danborradako doinuak joko dituzte. Egileak: J.Azarola, J.L. Frantzesena eta R.Sarriegi.

Urtarrilak 20, igandea, San Sebastian eguna

  • 09:00: Herriko kaleetan zehar txistularien eta Musika Eskolaren goiz-eresia. Egilea: J.I Aldalur. Mold: J.M. Altuna.

  • 09:30: Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek, Udal Musika Bandarekin batera eta Musika Eskolako ikasleek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Egileak: J.I. Aldalur eta J.L. Frantsesena

  • 10:15: Herriko agintariak korporazioan Eliza Nagusira joango dira.

  • 10:30: Herriko kaleetan zehar, prozesioa

  • 10:45: Soreasuko San Sebastianen Eliza Nagusian meza nagusia, Olazko Amari zuzendua, Parrokiko eta Julian Barrenetxea abesbatzen laguntzarekin. Egilea: J.M.Altuna. Organo-jotzailea: J.L.Frantsesena

  • 12:00: Sokamuturra, plaza Nagusian

  • 12:30: Aranetik eta Artzubiatik irtenda, HAURREN DANBORRADA, karroza ikusgarriarekin. Aurtengo karrozaren gaia, Joan Antxieta irudigilea hil zeneko 425. urteurrena. Karrozaren egileak: Goreti eta Leire Iriarte Nazabal azpeitiarrak. Aholkularitza: Imanol Elias

  • 16:30: Sokamuturra kaleetan zehar.

  • 18:15: Izarraitz pilotalekuan eskuzko pilota partida bikainak.

  • 22:45: Bandera jaitsi aurreko danborrada. Irteera: Sanjuandegi auzotik herriko kaleetara abiatuko dira, Olazko Andre Mariaren plazatik, Enparan kalea, Erdikale, Elizkale, Done Jakue kalea eta bukaera plaza Nagusian izango da.

  • Gauerdian: Bandera jaistea. Momentuz, elkarte hauekin: Herrira (B), Arrantzaleak (T), Gure Ametsa (B), Ardozaleak (T), Mendizaleak(B), Barratsu (T) eta Alkartasuna (T). Azpeitiko Udal Musika Bandak lagunduta.

Urtarrilak 21, astelehena

  • 12:00: Sokako zezen txikia Erdikaletik plaza Nagusira. Ondoren, plazan, zezen txikiak eta poniak
  • 16:00-20:00: Umeentzako puzgarriak Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 16:30: Sokamuturra kaleetan zehar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide