Alberto Beloki: "Sokamuturrean kamerarekin zezena gertuago ikusten da"

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 17a, 13:44

2008ko Txikiteo Elegante egunean atera zuen argazkia Belokik, eta sokamuturrari buruzko lehiaketan saritua izan zen.

Bi zaletasun uztartu ditu Alberto Belokik: sokamuturra eta argazkilaritza. Sokamuturreko argazkiekin hasi zen lehiaketetan parte hartzen, eta horrek Azpeitiko Argazki Elkartera bideratu zuen. Aurten elkarteko presidente izendatu dute.

Bere zaletasunetatik bi uztartu ditu Alberto Belokik (Azpeitia, 1969): argazkilaritza eta sokamuturra. Zezenaren festan irudikatzen hasi zen, 2008ko Azpeitiko Inauterietako Sokamuturreko Argazki Lehiaketan parte hartuz. Horrek Azpeitiko Argazki Elkartera bultzatu zuen, eta aurten elkarteko presidente izendatu dute, Iñaki Aranbururi lekukoa hartuz. Haurra zenetik ibili da sokamuturrean, eta txikia zela Inauterietako sokamuturrari buruzko argazki erakusketak ikustea gogoko zuen. "Antxietara askotan joaten ginen, argazkiak ikustera. Gogoko nuen zezenaren irudiak ikustea". 
 
Sokamuturreko argazki bat aukeratu duzu. Zergatik argazki hau?
 
Argazkian Azpeitiko sokamuturrean sarri ibiltzen denetako bat pasea ematen agertzen da. Herriko plazan atera nuen, 2008. urteko Inauterietako Txikiteo Elegante egunean. Niretzako argazki polita da. Sokamuturrari buruzko lehiaketara aurkeztu, eta saritu egin ninduten. Lehiaketa batera aurkezten nintzen lehen aldia zen. Nire gustuko bi gauza dira argazkilaritza eta sokamuturra. Saria irabazteak motibatu egin ninduen argazkilaritzarekin segitzeko.
 
Sokamuturrean hasi al zinen argazkilaritzarekin?
 
Ez, aurretik ere ateratzen nituen argazkiak, baina argazki pribatuak ziren batik bat, neuretzako ateratzen nituenak: etxekoei ateratakoak, bidaietakoak... Baina lehen irudi publikoak sokamuturrekoak izan ziren, eta hor hasi nintzen pixka bat sakontzen. Ederra denez, segitu egin dut.
 
Sokamuturrean argazkiak ateratzen ibiltzeak aurrean egotea eskatzen al du?
 
Sokamuturrean txiki-txikitatik ibili izan naiz. Baina argazki kamerarekin zabiltzanean asko aldatzen da, egia da. Zezena askoz gertuago ikusten da. Zezenetik nahiko gertu ibiltzen gara, eta horrek zailagoa egiten du. Baina barrera atzean egotea muga da irudiak egiteko. Behean, kalean, ibiltzeak ikuspuntu asko harrapatzeko aukera ematen du, eta joko gehiago. Hala ere, arkupetan-eta babesa aurkitzen dugu; Artzubia da horretarako toki zailena.
 
Ezustekorik izan al duzu?
 
Ez, ez. Ahal duguna kontrolpean izaten saiatzen gara, baina askotan zezena baino jendea da arriskutsuagoa, jende artean bultzadak-eta izaten direlako.
 
Bestelako argazki rallyetan parte hartzen al duzu?
 
Ordutik parte hartu izan dut beste gai batzuk jorratzen dituzten rallyetan, baina ez hainbeste. Sokamuturraren inguruko lehiaketan, berriz, 2008tik urtero parte hartu dut. Argazkilaritzan sakondu eta ikasteko sistema onena hori da, rallyetara joatea eta argazki elkartean ibiltzea.
 
Txikitatik sokamuturra bezalaxe argazkilaritza gustuko izan duzula diozu.
 
Gure aita beti kamararekin ibili izan da. Gu txikiak ginela argazki asko ateratzen zizkigun, eta etxean argazki asko ditugu. Akaso horrek niri ere argazkilaritza gustatzea eragin du.
 
Noiz hasi zinen Azpeitiko Argazki Elkartean?
 
Orain dela urte batzuk, argazki elkartearen egoitza koartelean zegoenean, ikastaro bat egin nuen. Baina elkartera gerturatzeak beldur pixka bat ematen zigun orduan: kanpotik itxia zela eta han ibiltzen zirenek izugarrizko kalitatea zutela ikusten genuen. Baina, beno, pixkanaka hurbildu ginen, eta naiz eta argazkiak ateratzen hain onak ez izan, hobetzeko asmoz hasi ginen bertan, gure buruari argazki hobeagoak ateratzeko erronka jarrita.
 
Orain, berriz, elkarteko presidentea zara.
 
Beno, aurtengoz hala izendatu naute, eta ea nola ateratzen den. Baina lantaldea gara, eta bakoitzak arlo baten ardura du; ni hor beste bat gehiago naiz. Jende asko elkartzen gara, eta giro ona daukagu elkartean. Mugimendu handia dago Azpeitiko elkartean. Astero-astero elkartzen gara 25 bat lagun. Taldea sendo dago.
 
Kirolerako zaletasuna ere baduzu. Kirol argazkirik ateratzen al duzu?
 
Bai, kirol argazkiak ateratzea ere gustatzen zait, eta paisaiak irudikatzea baino zailagoa dela uste dut. Baina paisaia ederren irudiak ateratzea ere polita da, egunero ikusten ez dena jasotzen delako. Baina denetik ateratzea gustatzen zait.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide