Hiru batzarren ostean, bihar, zapatua egingo da Sorturen eratze prozesuaren azken batzarra, 10:00etan hasita, Baigera I-eko aretoan. Aurrez Sorturen Oinarri Ideologikoak eta Ildo politikoa izan baziren aztergai, oraingo honetan Azpeitiari begira, ardatz estrategikoak zehaztu eta horiek garatzeko antolakuntza ereduaz jardungo da batzarrean.
Hiru hilabetetako prozesu emankorraren ostean, erronka berriei egin beharko die aurre Sortuk aurrerantzean. Ugariak izan dira ibilbide honetan jasotako ekarpenak. Hemendik aurrera gaur egungo jendartearen problematikei eta prozesu politikoaren beharrei erantzungo dien politika abertzale eta ezkertiarrak jorratzea izango da Sorturen zeregin nagusia. Bide batez, Sortuk dei egin nahi abertzale eta ezkertiar guztiei bertan parte hartu dezaten.