"Beti egin eta egin"

Igor Susaeta (Berria) 2013ko urtarrilaren 27a

Ezagutzen zutenek, "beti egin eta egin" esaldia erabiltzen zuten Imanol Elias definitzeko. Antzerkigilea, idazlea, kronista, Azpeitiko alkate ohia, historialaria... Guztiak izan zen Elias, eta askotan, gainera, batera. Minbiziaren kontra borrokan denbora luzez aritu ondoren, atzo hil zen. 77 urte zituen, joan den urtarrilaren 1ean beteak.

Berrogei antzezlanetik gora idatzi zituen, hainbat liburu, eta milaka ohar. Azpeitiko kulturgintzaren errefenteetako bat izan zen, bai sortzaile gisa eta bai eragile gisa ere. 50eko hamarkadaren amaieran hasi zen antzezle lanetan, herriko Oargi taldean. "Nire lagun gehienak dantzan hasi ziren, baina nik horretarako ez nuen batere balio, trakets hutsa nintzen, eta, orduan, antzerkian hastea beste erremediorik ez nuen izan", aitortu zion Eliasek Estitxu Elduaien kazetariari, 2008ko uztailaren 28an Berria-ren Igandea gehigarrian argitaratutako elkarrizketan.

Aktoreak zuzentzen ere ibili zen, eta gero, berriz, antzezlanak idazten. Diktadura garaia zen, eta horretarako Manuel gaitzizena erabiltzen zuen. Beste gaitzizen bat era bazuen, ordea, Zeruko Argia eta Olatz aldizkarietan idazten zituen artikuluak sinatzeko: Gaiztoa.

Inoxente (1966) izan zen idatzi zuen lehen antzezlana, eta gero, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, herriko Antxieta taldearen bidez, garai emankorra eduki zuen, urtez urte lan berri bat aurkeztuz: Sendagai traketsa (1982), Bi ahoko ezpata (1985), Azken asmakizuna (1994) eta Zorioneko oporrak! (1997), besteak beste.

Kazetari gisa ere aritu zen Zeruko Argia-n, Olatz-en, El Diario Vasco-n edo Uztarria-n, Arrate Irratia-rentzat Azpeitiko kronika egin zuen, eta Loiolako Herri Irratia-n entzun ziren lehen hitzak zein lehen irrati antzerkia bereak izan ziren.

Alkatea izan zen, EAJkoa, 1983tik 1984ra, baina dimisioa eman zuen. Ez zitzaion gustatzen politikan ibilitako garaiak gogoratzea. Azkeneko urteetan historialari lanari emanda ibili zen, eta 2003an Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar kaleratu zuen Uztarria-rekin. Urtebete lehenago, berriz, Mailo Oiarzabalek haren biografia argitaratu zuen. Azpeitiko Kultur Mahaiko ohorezko bazkidea zen 2011tik, beti egin eta egin ibiltzen zena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide