jendeak hiltzen denean
bizioi zulo bana
zapaldu gabeko minutuak
eta hainbat egiteko arduragarri
uzten dizkigu
eman digutenaren
oroitzapen lausoa geratzen da
eta oin arrastoak
hustasunaren erlaitzean
-dakien eran gobernatzen ditu
zeinek bere gabeziak-
gero egun bat izendatzen da
maite izan ditugun
horien gorazarrez
eta paper zuriak balira bezala
iluntzen zaizkigu oharkabean
neguko arratsaldeak
itzalak sortzen diren aldean
jarriz gogoa
elkarrekin bizi izandakoak
orritzen ditugu
eta hala
guztion ohoreagatik
-hilen memoria
ez lotsarazteari kontu eginik-
mundua deitzen dugun
izartegiko bazter hau
habitatzen segitzeko
promesa berritzen dugu