2013ko udal aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailearen aurreneko fasea bukatuta, aurtengo Denon Artean ekimenaren lehen balorazioa egin du Udal Gobernuak. Auzoz auzo eginiko batzarrek osatu dute hiru astez luzatu den lehen fase hori; aurreko astean Oñatzen egitekoa zutena atzeratu egin dute, hala ere, eta oraindik ez dute bilerarako data berririk.
Horrela azaldu zuten atzo udaletxean emandako prentsaurrekoan Ainhoa Beristain eta Aritz Epelde zinegotziek. Auzoetako batzarretan izandako "giro ona eta jarrera parte-hartzailea" nabarmendu zuten, eta horri esker "ekarpen ugari" jaso dituztela, "guztiak ere herritarren eguneroko beharrei lotutakoak".
Auzoka egin dituzten batzarretan guztira 270 lagunek hartu dute parte. "Eskerrak eman nahi dizkiegu", adierazi zuen Beristainek, "beraien ekarpenekin Azpeitia hobe bat eraikitzen laguntzeagatik". Orain arte egindako batzarretan "parte-hartzearen ereduan sakontzeko nahia eta borondatea ikusi" dutela diote udal ordezkariek. "Adibidez, Loiolan auzo-alkatearen beharra azaldu da, eta auzolanerako hainbat proposamen jaso dira". Ekarpenak egiteaz gain, bileretan parte hartu dutenek "batzarren inguruko balorazio positiboa egin" dutela nabarmendu zuten.
Aritz Epelderen hitzetan, "aurreko urtean lehen esperientzia moduan abiatutako ekimena aurten egonkortu eta sakontzen dihoala esan dezakegu". Ildo horretatik, gogora ekarri zuen zinegotziak aurtengo Denon Artean-en batzar irekiez gain herritarren parte-hartzea sustatzeko abian jarri dituzten beste tresnak, Internetez edota buzoiak erabiliz ekarpenak jasotzeko asmoarekin.
Arloz arloko bilerak, martxan
Dena den, batzar irekietan parte hartu eta ekarpenak egitearen aukera ere ez dago agortuta. Izan ere, martxan da prozesuaren bigarren fasea, arloz arloko batzarrena. Azo, asteazkena, egin ziren aurreneko bi batzarrak, kiroletakoa eta parekidetasunekoa; eta gaur, osteguna, kulturaren txanda izango da (19:00etan, Baigeran).
Hortik aurrerakoen egun, ordu eta tokiak hauek izango dira:
- Etorkinak: otsailak 4, 18:00etan, Baigera I-en.
- Turismoa: otsailak 4, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.
- Merkatariak: otsailak 5, 15:00etan, Baigera I-en.
- Ekonomia: otsailak 6, 19:00etan, Baigera I-en.
- Hezkuntza: otsailak 6, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.
- Baserria: otsailak 7, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean.
- Behar sozialak: otsailak 7, 19:00etan, Baigera I-en.
- Gazteria: otsailak 8, 19:00etan, Baigera I-en.