Matxinbentan astebete aurreratu dituzte santagedak, karnabalengatik

Uztarria.eus 2013ko ots. 1a, 11:33

Giro ederra izan zen iazko Matxinbentako festetan.

Urteroko egitarauari heldu diote antolatzaileek, eta gaur hasi eta astelehena bitartean hainbat ekimen izango da auzoan. Astelehenean, ohitura den legez, Santa Eskean aterako dira auzotarrak.

Santa Ageda egunaren bueltan, kopla doinuak izango dira nagusi eskualdeko herrietan. Azpeitiko Matxinbenta auzoan Sanda Ageda festak ospatuko dituzte gaur bertan hasita. Aurten Santa Ageda egunaren aurreko astebururako prestatu dituzte ekitaldi gehienak, hurrengoan karnabalak direlako. Matxinbentako festa batzordeak adierazi du taldearen helburua jaiei eustea dela, eta, horregatik, ohiko ospakizunak izango dira aurtengoan ere. Urtero bezala, Mus Txapelketarekin hasiko dira jaiak, eta Beheko Taberna izango da auzotarren topagune nagusia santagedetan.

Matxinbenta auzoa hiru udalerritan banatuta dago: Azpeitia, Beasain eta Ezkio Itsaso. Udal horietatik jasotzen dute festak antolatzeko diru-laguntza. Horrez gain, ordea, ekitaldi guztiak antolatzeko beste diru iturri bat behar izaten dute. Horregatik, auzoko baserrietako peroduktuekin osatutako otarrak zozkatuko dituzte festen baitan.

Iganderako egun osoko egitaraua antolatu dute. Eguerdira artean, meza, haurrentzako jolasak eta esku pilota partidak izango dira Matxinbentan. Arratsaldean, berriz, herri kirol jaialdia egingo dute. Auzotarrak Santa Eskean aterako dira astelehenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide