Santa Ageda bezpera ospatuko dute herriko ikastetxeetan gaur

Uztarria.eus 2013ko ots. 1a, 12:20

Perez Arregi plazatxoan ere izan dira Santa Eskean.

Gaur, astelehena, Santa Ageda bezpera dela-eta, herriko ikastetxeetako ikasleek hainbat ekimen egingo dute. Bestalde, Matxinbentako koadrila bat ere ari da goizetik baserriz baserri kantuan.

Gaur, astelehena, Santa Ageda bezpera ospatuko dute herriko ikastetxeetako ikasleek. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ohitura zaharrari jarraituz, goiz partean, bertako eta Urola Ikastolako ikasleek koplak kantatuko dituzte. 

Bestalde, Urola Ikastolako DBH 1eko ikasleek Santa Eskea egingo dute, kalez kale. 10:15ean, bi taldetan banatuta aterako dira ikastolatik. Taldeetako batek Foru Ibilbidetik plazara eta handik Alde Zaharrera, kalejira egingo du. Beste taldea, berriz, Jose Antonio Agirre plazatik, Euskal Herria kalera eta handik Karmelo Etxegarai Ikastolak Euskal Herria kalean duen eraikinera joango da. Bi taldeak anbulatorio aurrean elkartuko dira, eta handik Karmelo Etxegarai Ikastolako Perdillegiko eraikinera joango dira, 12:00etan hango ikasleekin koplak kantatzeko. Urola Ikastolan bukatuko dute ekimena.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, berriz, 15:00etan, DBH3 eta DBH4ko ikasleek Loiola inguruan jardungo dute konplatan. 16:30ean, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHra bitarteko ikasleek ikastolako atarian koplak abestuko dituzte.

Iraurgi Ikastetxean 16:30ean hasiko dituzte ekimenak abesti tradizionalekin eta Modesto Epelde irakasle ohiak sortutako koplak abestuko dituzte haren omenez, Betharrametan. Trikitilariek girotuko dute ekitaldia.

Matxinbentakoak ere bai

Matxinbentako bizilagunak, urteroko legez, goizetik dabiltza baserriz baserri Santa Eskean. Loidisaletxe eta Iban Urdangarin bertsolariak, eta Laja eta Izer trikitilariak dabiltza eurekin giroa berotzen, eta Iluntzean itzuliko dira Matxinbentara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide