Atzo urtebete, 2012ko otsailaren 4an, jarri zen martxan Uztarria.com berritua. Webgune berriarekin batera, otsailean urtebete egingo du atariaren berrikuntza nabarmenetako bat izan zen Komunitatea atalak.
Aurkezpenean esan bezala, "azpeitiarren parte-hartzeari indar berria emateko asmoarekin" jarri zuen abian Uztarriak atal berria eta, urtebete eskas igaro ondoren, helburu hori betetzen ari dela esan daiteke: 50 kiderekin sortu zen Komunitateak 200 ditu dagoeneko. Kide kopuruaz gain, ordea, kide aktiboen kopurua ere sustatu nahi du Uztarria Komunikazio Taldeak.
Komunitateko kide batzuk oso aktiboak izan dira azken hilabeteetan; hasieran 'lotsati' samar ibilitako askok martxa polita hartu dute denborarekin, eta ekarpen aberasgarri asko izan ditu webguneak Komunitateari esker. Hala ere, nabarmena da etekin handiena talde eta elkarteek atera diotela parte-hartze tresnari; norbanakoei, salbuespenak salbuespen, gehiago ari zaie kostatzen iritzi edota informazioak partekatzea.
Hain zuzen ere, Komunitateko norbanakoei zuzenduta ekimen berezia jarri du abian Uztarria Komunikazio Taldeak otsailerako: hil honetan zehar ekarpenak egiten dituzten kide norbanakoen artean Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria zozkatuko dira. Ekarpenaren nondik norakoa kideen esku izango da, noski.
Animatu eta parte hartu!