Puru piztea berreskuratuko dute Txikiteo Elegante Egunean

Uztarria.eus 2013ko ots. 7a, 14:24

1981ean puru piztearen aurretik, goian ezkerretik eskubira, Lourdes Sarasua, Ana Orbea eta Arantxa Ansola. Behean makurtuta, berriz, Esther Berasategi eta Miren LarraƱaga. (Esther Berasategi)

HaujijiJAI Batzordearen ekimenez, hainbat urteren ostean, puru piztea izango da igandean, Elegante Egunean, 16:00etan, plazan.

Hainbat urte eta gero, "ohitura zaharra berreskuratu asmoz", puru piztea izango da Txikiteo Elegante Egunean, 16:00etan, Sanagustinpean (udaletxe azpian), HaujijiJAI Batzordeak antolatuta. "Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera".

Esther Berasategik ondo gogoratzen ditu puru piztea egin zen urte haiek: "ez zen urte askoan egin, gogoan 1981a daukat, eta bizpahiru urtean egin zela esango nuke. Urte asko dira azkenengoz egin zenetik". "Arrakasta haundirik ez" zuelako izan utzi zitzaion puru piztea egiteari. "16:00etan izaten zen, kanpaiak jotzearekin batera, Sanagustinpean. Txapelketa ere egiten zen. Puru xelebreenaren txapelketa izaten zen. Gogoratzen naiz, puru okerra eraman zuen batek irabazi zuela urte batean, baina ez dakit zer jaso zuen sari bezala", dio Berasategik.

Elegante Eguneko lehengo janzkera ere aipatu du: "orain janzkera aldatu egin da. Lehen ganbarako trapu zaharrak hartu eta haiek janzten genituen. Neskek ere gizonezkoen trajea janzten genuen, galtzerdi zuri eta guzti. Orain, aldatuta dago hori".

Hainbat ekimen

HaujijiJAI Batzordeak puru pizteaz gain, beste hainbat ekimen antolatu du karnabaletarako, "herritar guztien parte hartzea bultzatzeko eta, bide batez, egungo krisiari alternatiba jartzeko".

Horrenbestez, Elegante Egunean luntxa izango da udaletxe azpirian, 15:00etan hasita. Batzordekoen arabera, "urtez urte nabaria da geroz eta jende gehiagok egiten diola uko egun horretako bazkariari, otordu merke eta arinagoa egiteko. Batzordeak badaki koadrila askorentzat bazkari hori egiteak garrantzia duela, baina kalean gelditzen direnentzat edo bazkaria ordaintzeko zailatasunak dituztenentzan irtenbidea aurkitu nahi izan dugu".

Astelehen karnabalean, berriz, "jendea kalera berandu" ateratzen dela-eta, 20:00etan, Etxe Zuri taberna aurretik abiatuta, mozorro poteoa egingo da Skandalue elektrotxarangarekin. Segidan, txotxa izango da gaztetxean. Janaria norberak eraman beharko duela aurreratu dute batzordekoek. Behin, afaria bukatutakoan, elektrotxarangarekin kalera aterako dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide