Taldean mozorrotu, eta ondo pasatzera

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 8a, 13:29

Iazko karnabaletan, Lizarralde eta koadrila. (Kristina Fernandez)

Joseba Lizarralde eta bere koadrilak zortzi bat urte daramate taldean mozorrotzen. Urteko lehen astean hasi ziren astelehen karnabalerako prestatzen, eta "sorpresatxoren bat" izango dela iragarri dute.

Urte berriaren lehen astean hasi ziren aurtengo inauterietako mozorroa pentsatu, prestatu eta antolatzeko lanetan Joseba Lizarralde Rubio eta bere lagun koadrila. Orduz geroztik, astero bildu dira Inpernu soziedadean. Hamasei-hemezortzi laguneko taldea aterako da astelehenean mozorrotuta. Zertaz jantziko diren ez dute aurreratu, baina pistaren bat emateko eskatu eta "tartean sorpresatxoren bat" izango dela diote.

Karroza aterako dute aurten ere kalera. "Baserri batean edukitzen dugu gordeta, eta arratsaldean kalera jaitsi. Mozorrotu eta Inpernun bertan afaltzen dugu, gero kalera ateratzeko. Ea eguraldiak laguntzen duen, eta ateruneren bat izaten den kalean ibiltzeko", dio Lizarraldek. Soziedadetik irteten direnerako kanpoan jendea zain izaten dutela dio: "Amak, umeak... ingurukoak han biltzen dira, nola ateratzen garen ikusteko".

Zortzi bat urtetan atera dira taldean mozorrotuta. Aurretik ere mozorrotzen ziren, baina bakoitza bere erara. Baina, zahar eta gazte, koadrila bildu eta zortzi bat urtetan irten dute antolatutako taldean kalera. "Urte batean edo deskantsua hartu behar genuela eta taldean irten gabe gelditu ginen, eta ondo pasatu bai, baina falta antzeman izan dugu".

Inauterietako mozorroa prestatzeko bilera bat egiten dute lehenbizi, bertan proposamenak bota eta mozorro bat adosten dute. Handik aurrera prestaketa lanetan hasten dira: arropak, karroza-dela... Aurten inauteriak azkar zetozela-eta urtearen aurreneko astean egin zuten lehen bilera, eta ordutik astero bildu dira; herenegun azkenekoz. Euren artean saltsa ederra sortzen dela, eta "egun ederra" pasatzen dutela dio Lizarraldek: "Guk oso ondo pasatzen dugu". 

Jendea zain, zer egingo

Iaz bikingoz mozorrotuta atera ziren kalera, enbor handi batekin. Beste urte batean, berriz, hipodromoa antzeztu zuten, eta astoarekin atera ziren kalera. Baina Pressing Catch-eko borrokalariez mozorrotu zirenean izugarria izan zela dio Lizarraldek. "Aurretik kalean Pressing Catch-a iragarriz kartelak jarri genituen, eta irteterako soziedade aurrean jende piloa bildu zen, auskalo zer ikusiko zutelakoan edo", gogoratzen du. «Kalera atera genuen kamioiaren atzetik jende piloa ibilizen, telebistan bezala izango zela edo espero zuten nonbait. Barre mordoa egin genuen orduan".

Azken urteetan taldean mozorrotutako koadrilen kopuruak gora egin du inauterietako astelehenean. Hori antzematen dela dio Lizarraldek: "Aurten ere askori ari naiz entzuten taldean mozorroa prestatzen ari direla". Antolaketa eskatzen du taldean irteteak, baina lagun giro ederra sortzen dela dio. "Barre pilo ederra egiten dugu eta guk ondo pasatzen dugu, baita ingurukoek ere".

Kezka bakarra, eguraldia

Inauterietan mozorrotzeko eta ondo pasatzeko gogo faltarik ez dago. Baina eguraldi onaren falta izango ote den beldur dira mozorrozaleak. "Denok buruan San Sebastian bezperako eguraldia dugu, eta orain ere txarra egingo duela esaten ari dira. Baina beno, ateruneren bat egiten badu, orduantxe aterako gara kalera, eta goizago erretiratuko gara etxera".

Astelehen eguerdian haurren mozorro desfilea izango da, eta gauean 23:00etan hasiko da helduen mozorro lehiaketa. Sariak, berriz, 01:00ak aldera banatuko dituzte, Sanagustin kulturgunean. Lizarraldek eta koadrilakoek behin baino gehiagotan jaso dute mozorro ehiaketako sariren bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide