Lance Kearse jardunaldiko MVP-a

Amerikarrarekin batera Guillermo Justo ere asteko bosteko onenean dago.

Ostiralean egundokoa egin zuen Azpeitia Azkoitia ISBk, fase erregularraren amaieran Zilarrezko Adecco ligako lehen postuan amaitzeko hautagai nagusienetako bati irabazita. Taldeak sekulako lana egin zuen orokorrean, baina batez ere Lance Kearse amerikarra nabarmendu zen.

Hegal-pibotak 18 puntu eskuratu zituen, botatako ia guztia saski barruan sartuta (5/4 biko jaurtiketetan eta 11/10 jaurtiketa libretan), 11 errebote eskuratu zituen, horietako asko erasoan, eta gainera 10 falta jaso zituen alde. Guztira 34ko balorazioarekin amaituta, lehen aldiz amaitu du jardunaldiko jokalari onena bezala. Orain arte, Azpeitiko kiroldegiko zaleak bere jokaldi ikusgarriekin jarlekuetatik altxarazi izan ditu, orain joko ikusgarri horri zenbakiak gehitzen hasi zaio.

Berarekin batera Guillermo Justo ere sartu dute asteko bostekoan Saskibaloi Federazioko kideek eta Solobasket.com web orrikoek ere. Ez da gutxiagorako, kanariarra bizirik mantentzeko gakoetako bat izan zen Oviedoren aurkako neurketan eta taldeari, 22 puntu, 4 errebote eta 25eko balorazioarekin lagundu zion.

Zorionak bikote!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide