Zerua gris, baina kaleak koloretsu

Uztarria.eus 2013ko ots. 13a, 11:35

San Sebastian jaietan bezalaxe, inauterietan ere kaskarra izan da eguraldia. Igandean, Elegante Egunean, eguerdira artean ateri egin zuen, eta Itsasiko artzain-inudeen konpartsa atera zen kalejiran. Baina arratsaldean euria hasi, eta ia aterunerik ez zen izan. Euriagatik sokamuturrean jende gutxiago ibili zen. Baina festa giro paregabea izan zen azken kaleetan, Enparanen eta.

Astelehen goizean haur mozorrotuen jaia egin zuten. Goizeko hamaiketan sokako zezena atera zuten Erdikalean, eta sokamutil txikiak ibili ziren sokan. Ondoren, gaztetxoenen gozamenerako
zezen txikiak eta pottokak izan dira herriko plazan, eta ikusmin handia sortu zuten.
Eguerdian ateri zegoela-eta haur mozorrotuen desfilea ohi bezala alde zaharreko kaleetan egitea erabaki zuten, festa Izarraitz pilotalekura eraman ordez. Guraso askok hartu zuten parte haurren desfilean. Baina desfilea behar bezala bukatzeko aukerarik ez zen izan, euria hasi baitzuen. Horrela, desfileko parte-hartzaileak plazara iritsi orduko arkupetara jo zuten aterpe bila. Azpeitiko Musika Bandakoek eta txilibiteroek plazako kioskoan pieza batzuk jo eta segidan kalejirari ekin ziote berriro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide