Ignacio Artetxe medikua hil da

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko ots. 14a, 12:40

Ignacio Artetxe 2006an, Azpeitian.

Atzo, asteazkena, zendu zen 92 urterekin. Sendagile lanetan jardun zuen 50 urte baino gehiagoan, eta Amaia Mendizabalek idatzi eta Uztarriak 2006an argitaratu zuen Azpeitiarrak Espainiako gerran liburuan testigantza eman zuen azpeitiarrak.

Ignacio Artetxe  Elejalde (Azpeitia, 1920) medikua hil zen atzo, asteazkena, 92 urterekin. Artetxe 1920ko martxoaren 22an jaio zen Azpeitiko Bustinzuriko Errebalean. Azpeitiko Maristen Ikastetxean egin zuen batxilergoa eta ondoren, Zaragozan eta Valladoliden medikuntzako ikasketak burutu zituen. Azpeitian 50 urte sendagile egin zituenean, 1998ko ekainaren 2an, Azpeitiko Udalak omenaldia eskaini zion. Baina, gero ere sendagile kontsulta martxan izan zuen.

Herriko hainbat kirol elkarterekin ere lanean jardundakoa da Artetxe, besteak beste, Lagun Onak Futbol Klubaren sorreran ere parte hartu zuen berak. Azpeitiari buruzko historia liburuak ere idatzi ditu: Historias de Azpeitia berak idatzitakoa da eta El ferrocarril del Urola (1926-1986)  (2002ko azaroa) liburuan parte hartu zuen Lourdes Odriozola Oiarbide eta Juanjo Olaizola Elordirekin batera.

Ardozaleak Elkarteak kaldereroetako kofradiako kide izendatu zuen 1999. urtean.

Amaia Mendizabalek idatzi eta Uztarriak 2006an argitaratu zuen Azpeitiarrak Espainiako gerran liburuan testigantza eman zutenetako bat izan zen Artetxe. Hemen Artetxeren pasartea.

Gaur (osteguna) da Artetxeren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide