2013ko udal aurrekontua osatzeko prozesu parte-hartzailea, Denon Artean, azken txanpan sartzen ari da. Hala ere, bere garaian plazaratutako egutegiak azken orduko aldaketa aipagarri batzuk izan ditu. Horrela, zapatu honetarako iragarrita zegoen udaletxeko ate irekien jardunaldia eta otsailaren 20an egitekoa zen herri kontseilua atzeratu egin dituztela iragarri du gaur, osteguna, Udalak
Auzoetako bilera irekien balorazioa egiterakoan udal ordezkariek aurreratu zuten bezala, Oñatzen egitekoa zuten batzarra atzeratu egin behar izan zuten. Hain zuzen ere zapatu honetan, otsailaren 16an, elkartuko dira azkenean Udalekoak Oñazko bizilagunekin. Batzarra 10:30ean hasiko da, Oñazko tabernan, eta besteak beste ur-biltegiaren arazoak eta auzo alkatearen beharra izango dituzte hizpide.
Oñatzen batzarra izango dute zapatuan eta, horrenbestez, egun horretarako iragarrita zegoen udaletxeko ate irekien jardunaldia astebete atzeratuko da. Horrela, otsailaren 23an izango dute herritarrek udaletxea eta hango jarduna barrutik ezagutzeko aukera.
Aldiz, aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailearen azken hitzordua izan behar duen herri kontseiluak ez du, momentuz, data berririk.