Azpeitia Azkoitia ISB neurketa benetan garrantzitsua zeukan zapatuan Malagako Los Guindos pabilioian. Clínicas Rincón aurkari zuzena da aurreneko postuetan amaitu ahal izateko eta Azpeitian 4 puntugatikirabazi zutela kontuan hartuta, garaipenetan berdintzea zuten helburu Iurgi Caminosen mutilek. Garaipenetan berdindu, bai elkarren aurkako neurketetan eta baita sailkapenean ere, irabazita bederatzi garaipena lortuko baitzuten gipuzkoarrek. Batean bale eta bestean kale egitetik erregulartasuna bilatzera pasa beharra zeukan Iraurgik eta horretarako lehen pausoa, aurreko asteko garaipen garrantzitsuaren ostean, berriz irabaztea zen.
Alberto Díazek baja izan behar zuen Malagako taldean, Unicajarekin jokatzekoa baitzen. Baina neurketaren garrantziaren jakitun, ostiralean jokatzea erabaki dute Clínicas Rinconekoek, gero lehen taldearekin bidaiatzeko. Gipuzkoarrei ez zien inporta. Imanol Zubizarretak ondo lotu zuen defentsako lanean eta erasoan, Pantín aspaldiko partez bere aurpegirik onena ematen ibili zen, eta kanpotik Mikel Motos eta Guille Justo ere bikain ibili ziren. Aurreikusitako berdintasuna ezerezean gelditu zen hasierako minutuetan eta Azpeitia Azkoitia ISB oso nagusi izan zen. Atzean gauzak ondo eginez eta aurrean ere momentu oro nola jokatu jakinda, 10 puntuko tartea zabaltzea lortu zuen. Francis Tomék hutsartea eskatu behar izan zuen, baina gauzak ez ziren gehiegi aldatu eta laurdena amaieran Lasak lortutako saskiratze batekin 8 eta 20 amaitu ziren lehen hamar minutuak.
Lehen laurdenean Pantinek eta Justok egindako lanari Barberenak eta Lasak hartu zioten erreleboa eta markagailuko aldea handitzen joan zen gutxika-gutxika. Etxekoen erreakzioak noizbait iritsi beharra zeukan, ez baitzen normala bi talde parekoren artean kantxa gainean zegoen diferentzia. Defentsan aurrerapausoa eman zuten andaluziarrek eta puntuak sartzeko zailtasun gehiago izan zuten Iurgi Caminosen mutilek. 8 eta 0ko partziala egin zuten batez ere, Todorovic asmatzen hasi zelako. Baina aldeak handia izaten jarraitzen zuen eta pixka bat lasaitu bezain pronto eta Justok bost puntu jarraian sartuta berriz ere gipuzkoarrek euren nagusitasuna erakutsi zuten. Pantin oso nagusi zen taula-azpian (10 errebote zeramatzan atsedenaldirako) eta Justok puntuak bata bestearen atzetik batzen zituen eta azken minutuan egindako huts pare batek bakarrik eragin zuen etxekoak pixka bat gerturatzea laurdenaren amaieran. Atsedenaldira: 27-41.
Atsedenalditik bueltan parekotasuna izan zen nagusi lehen minutuetan. Talde batek saskiratzea lortzen baldin bazuen, besteak erantzun egiten zuen. Saskiratze trukaketak Iraurgiri egiten zion mesede, markagailuko zuloak bere horretan jarraitzen zuelako. Etxekoak ez ziren gai abantaila murrizteko eta Justo eta Pantin euren saltsan zebiltzan. Diferentzia ez da 14 puntuetatik jaitsi eta partiduko denboren eta erritmoaren jabe zen Azpeitia Azkoitia ISB. Hirugarren laurdenaren amaieran: 41 eta 60. Iurgi Caminosenak nagusi ziren, oso nagusi.
Gauzak ez ziren gehiegi aldatu laugarren laurdenean. Gipuzkoarren entrenatzaileak minutuak banatu ahal izan zituen bere jokalarien artean, markagailuko aldea zenbatekoa zen ikusita eta hala ere nagusitasunak berdina izaten jarraitu zuen. Erasoan huts batzuk egin baldin baziren ere, ez zuen inporta izan, defentsako lana bikaina baitzen eta etxekoek ez zuten abantaila murrizteko modurik topatu ahal izan. Azkenean, erakustaldia ematen amaitu zuen Azpeitia Azkoitia ISBk eta 57 eta 77 irabazi zuen. Pisu handiko garaipena, basketberagea berreskuratu duelako taldeak Clínicas Rincónen aurka, sailkapenean aurreratu egin dituelako malagarrak, baina batez ere, aurkari zuzen baten aurka sekulako nagusitasuna erakutsi duelako. Talde honek goian egoteko gogoa dauka eta zapatuan erakutsi zuen.
Saskiratzaileak: (8-20/27-41/41-60/57-77)
CLINICAS RINCON UNICAJA: Todorovic (8), Díaz (8), D. Sabonis (6), Fall (9) eta T. Sabonis(13) –hasierako bostekoa- Pozas (3), Conde (8), Svandrlik, Alcoholado, Antic, Nguirane eta Diatta (2).
AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (23), Kearse (13), Zubizarreta (2), Motos (6) eta Pantin (14) –hasierako bostekoa- Ibargutxi (2), Lasa (10), Fohler, Barberena (5) eta Guridi (2).