Corrugadoseko labeak martxan jartzear dira, baina adostasunik gabe

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 19a, 13:52

Corrugadoseko labeak martxan jartzear dira.

Enpresako zuzendaritzak dio aurreko proposamena hobetzea "oso zaila" ikusten dutela.

Corrugados Azpeitiako langileak enpresako altzairutegia eta laminazioa berriro martxan jartzeko eraberritze lanak egiten ari dira, joan den urtarrilaren bukaeratik. Aste honen bukaera alderako altzairutegia martxan izatea espero dute eta ondoren, hilaren bukaerarako, laminazioan ere ohiko lanekin hasita egongo direla pentsatzen dute; hala adierazi diote langileen ordezkari sindikalek Urola Kostako Hitza-ri. Hala ere, bi aldeen artean ados jarri aurretik hasi dira enpresa martxan jartzeko lanekin. Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzak joan den astean kaleratutako oharraren arabera, Enpresa Batzordeko ELAko eta LABeko eta Corrugados Bai-ko ordezkariei laster erantzungo die. Dena den, langileei lehen egindako proposamena hobetzea "oso zaila" dela azaldu du zuzendaritzak: "Lehen egindako proposamena baino hobea egitea oso zaila da, enpresak aurre egiteko dituen galera ekonomikoak eta salmenten beherakada kontutan hartuta". Azken lau urteotan enpresak ehun milioi euroko galera ekonomikoak pilatu dituela azaldu dute enpresaren nagusiek. Dena den, "alde guztien adostasuna izateko moduko irtenbidea" aurkitu nahi dutela adierazi dute Corrugadoseko nagusiek.
 
Azpeitiko enpresa "bideragarri izatea bermatzeko" proposamen bat egin zien zuzendaritzak Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko ordezkariei urtarrilaren bukaeran. Behartutako bajen bidez 60 langile kaleratzea eta batez beste langileei soldata %35 jaistea proposatu zuten orduan nagusiek.

Azkar martxan jarri nahi

Enpresak kaleratutako oharrean diote Azpeitiko planta lehenbailehen martxan jarri nahi dutela: "Ahalik eta azkarren ekoizten hastea da gure asmoa, eta horretarako makinak doitzen hasita daude langileak. Ekoitzi eta langileekin ditugun zorrak kitatzeko likidezia lortu nahi dugu".
 
Baina, langileek ez dute erabat sinesten nagusiek esandakoa. Nagusiek Azpeitian ekoiztutakoarekin lortutako dirua bankuekin duten zorra ordaintzeko erabili ote duten susmoa dute. Corrugados Azpeitiako langileek joan den urtarrilaren 4an utzi zuten bertan behera greba, sei hilabete eta erdiren ostean. Ondoren, urtarrilaren 25era arte "inposatutako" oporraldia izan zuten. Hilaren bukaeran, ordea, lanean hasi ziren, planta martxan jartzeko egokitze eta mantenuko lanetan. Dena den, urtarrileko soldatarik kobratu gabe daude.
 
Langileen ordezkari sindikalek azaldu dutenez, Azpeitiko plantan txatarra badago eta, hori ekoitzi ondoren, enpresak sei milioi euroko kaxa egin dezakeela aurreikusten dute. Baina errezeloa dute behin diru hori lortutakoan langileekin duten zorra ordaindu beharrean, ez ote duten beste zor batzuk estaltzeko erabiliko nagusiek.
 
Urtarrilaren bukaeran adostasun batetara iristeko bilerekin hasi ziren Enpresa Batzordeko ordezkariak eta zuzendaritza. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "aspaldian" ez dira bildu, eta zuzendaritza berriro biltzeko eguna luzatzen ari dela diote langileek.

Epaiketaren zain

Corrugados Azpeitiako langileak lanean hasita daude, baina iazko ekainean kaleratutako 60 langileek oraindik ezin dute beharrera itzuli. Izan ere, horien kaleratzeen inguruko banakako epaiketa martxoaren 27an izango da. Aurretik, EAEko Justizia Auzitegiak Corrugados Azpeitiako 60 langile kaleratzeko lan erregulazio txostena baliorik gabe utzi zuen. Iazko urriaren 16an izan zen epaiketa, eta azaroaren 12an eman zuen epaia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide