Erniarraitzen Bertso Astearen baitan, Bi arreba ikuskizuna taularatuko dute Xabier Lizasok eta Andoni Egañak igandean, 18:00etan, Sanagustin kultugunean. Bertsolaritza eta musika klasikoa bat eginik; Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar eta Fryderyk Franciszek Chopin eskutik hartuta, alegia. Baten lirika eta bestearen musika. Lehenengoaren arreba, eta bigarrenaren arreba. Bi artista guztiz ezberdinek antzekotasun asko dituztela erakutsiko du Xabier Lizaso (Orio, 1965) piano-jotzaileak, bertsolari zarauztarrarekin batera. Hona hemen biharko egunkarian piano-jotzaileari eginiko elkarrizketaren aurrerapen:
Chopinen arreba, batetik, eta Xenpelar-en arreba, bestetik. Kasu honetan, piano-jotzaile bat eta bertsolari bat oholtza gainean; eta, batak, musika klasikoa du ardatz, eta besteak, bertsoak. Nola sortu zitzaizuen biak uztartzeko ideia?
Egia esan, ideia ez zen nirea izan, ezta Andoni Egañarena ere. Nire lehengusu batena baizik. Hortik abiatuta, Egaña eta biok nire etxean elkartu ginen, eta balkoian jarrita hitz egiten hasi ginen. Solasaldiak aurrera egin ahala, Egaña konturatu zen niri Chopin asko gustatzen zitzaidala, askotan aipatzen nuelako, eta berehala Xenpelar-ekin parekatu zuen. Garai bertsukoa izateaz gain, biek arreba izan zuten alboan haien azken egunetan. Gertakari horri tiraka, gero eta antzekotasun gehiago zituztela ikusi genuen, eta halaxe ekin genion proiektuari.
Printzipioz, nahiko korapilotsua dirudi bi pertsonaia hauek bat egitea, baina horrela kontatuta nahiko bizitza antzekoa izan zutela ematen du.
Bai, hala da. Gero, bakoitzak berean (Chopinek musikan, eta Xenpelar-ek hitzetan) berritzaileak izan ziren. Chopinek, esaterako, musika erabiltzeko beste modu bat sortu zuen, baita pianoa jotzeko teknika berri bat ere, nahiz eta orduan inork kasurik ez zion egin. Egun, ordea, pianorako erabiltzen dugun teknika Chopinek garai hartan proposaturikoa da. Alde horretatik, paralelismoa handiak daude bien artean.
Bi arreba ikuskizunak oholtza gainean elkartu ditu orain. Nola egituratuta dago emanaldia?
Bien bizitza kontuan hartuta, eta ikuskizunaren izenburuaren haritik, Chopinek arrebari idatzitako pieza ezagun batekin hasten gara. Hain zuzen ere, El pianista filmaren hasieran agertzen den nocturno-arekin. Ezaguna denez, jendeari ez zaio aspergarria egiten. Pieza jo ondoren, berriketan hasten gara bakoitzaren istorioa kontatzen, euren bizitzako bitxikeriak hartuz. Bitxikeria horietan Chopinen piezak eta Xenpelar-en bertso ezagunak txertartzen ditugu, eta, era berean, elkarren gaiak lotzen saiatzen gara. Chopinek egun tragikoak izan zituen bizitzan zehar. Adibidez, Varsovian gerra hasi zen, bera Vienan kontzertu bat ematen ari zela, eta berria jaso bezan pronto, obra bat idatzi zuen. Xenpelar-ek ere gerrari buruzko bertsoak idatzi zituen, eta horiek Egañak abesten ditu, nik pianoz lagunduta.