Iraurgi Cup 2013ko aurreko fasean izena emateko aukera zabaldu dute

Uztarria.eus 2013ko ots. 22a, 11:33

Iraurgi Cup 2012 Espanyol taldeak irabazi zuen. (Valen Garcia)

Txapelketa nagusia jokatzeko alebinen talde berriak izango dira aurten; tartean, Real Madrid.

Azpeitiko Iraurgi Cup kirol klubekoak aurtengo Iraurgi Cup Adiskidetasunaren futbol 8ko txapelketa nagusia antolatzeko lanetan ari dira buru-belarri. Alebin mutilen bigarren urtekoak (2002an jaiotakoak) biltzen dituen futboleko txapelketa nagusia ekainaren 15ean eta 16an jokatuko da Azpeitian. Baina lehenago aurreko fasea edota sailkapen fasea jokatuko da, Azpeitiko eta Zestoako futbol zelaietan. Fase hori ekainaren 1ean eta 2an izango da jokoan. Sailkapeneko fasea 80 talderekin jokatu nahi dute kirol klubekoek eta horretarako taldeentzako izena emateko epea zabalduta dute.
 
Kirol klubaren webgunearen bidez eman behar dute mutilen futboleko taldeek izena, maiatzaren 10a bitartean. "Txapelketarako oraindik hiru hilabete falta dira, baina 80 talderekin jokatu nahi dugu sailkapeneko fasea eta horregatik aurrez ibili gara izena emateko epea  zabaltzen. Edozein kirol klubek eman dezakete izena", azaldu du Meliton Rodriguez Iraurgi Cup-eko kideak.

Azpeitian eta Zestoan

Ekainaren 1ean eta 2an jokatuko dute lehen fasea Azpeitian eta Zestoan: larunbatez 40 taldek hartuko dute parte eta igandez gainontzekoek. Larunbateko bitalde finalistek eta igandean finalera iristen diren beste biek txapelketa nagusia jokatzeko aukera eskuratuko dute. Aurreko fasean parte hartuko dutenak alebin mutilak dira, 2001. urtean jaiotakoak. Partidak ikusteko sarrera jartzea aurreikusten dute antolatzaileek, "baina sarrera sinbolikoa izango da". Krisi ekonomikoa tarteko toki askotatik laguntzen "iturria moztu" egin dutela azaldu dute kirol klubekoek eta horri aurre egiteko sarrera txiki bat jarri beharra daukatela. Hala ere, azpiegiturak uzteagatik Azpeitiko Udalari eta Zestoako Udalari eskerrak eman dizkiote, baita Lagun Onak eta Zestoa futbol taldeei eta Azpeitiko merkatariei eta tabernei ere.

Txapelketa nagusia

Iraurgi Cup 2013 txapelketa nagusia ekainaren 15ean eta 16an da eta maila handiko alebinetako futbol taldeek hartzen dute parte. Halere, aurten, Europatik etortzeko asmoa zuten bi talderi ezezkoa eman behar izan diote Iraurgi Cup-ekoek, ekonomia arazoak tarteko: Benfica (Portugal) eta Chelsea(Ingalaterra).
 
Dena den, beste futbol klub handi batzuetakoak Azpeitian izango dira txapelketa jokatzen: Espanyol, Sevilla, Barcelona, Atletico Madril, Malaga, Valencia, Athletic, Reala, Osasuna, Villareal eta Lagun Onak. Horiez gain aurrenengo aldiz Azpeitiko txapelketara etorriko direnak dira: Real Zaragoza, Celta Vigo, Sporting Gijon, Rayo Vallecano eta Real Madrid. "Rayo Vallecano txapelketara ekartzeko asko lagundu digu Mikel Labakak eta hari eskerrak eman beharrean gaude".
 
Iraurgi Cup-en azken fasea gonbidatutako hamasei taldek eta sailkapen faseko lau talde finalistek jokatuko dute.
 
Horrelako txapelketa bat antolatzeko garaiz dabiltza Iraurgi Cupekoak, "lan handia" delako eta futbol lehia antolatzen laguntzen dieten denei eskerrak helarazi dizkiete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide