Corrugados Lasao saltzea negoziatzen ari da Alfonso Gallardo Taldea

Uztarria.eus 2013ko ots. 22a, 12:02

Alfonso Gallardo Taldearen Lasaoko lantegia saltzea negoziatzen ari da zuzendaritza.

Enpresa Batzordeko ordezkariek "ezer garbirik ez dakitela" azaldu dute. "Orain ez gara lanean ari, material gutxi dagoelako, eta enpresarentzat konponbide onena saltzea da", gaineratu dute. Egun 67 langile ditu Corrugados Lasaok.

Corrugados Azpeitiako labeak martxan jartzear direnean, Azpeitiko bigarren lantegia, Lasaokoa, saltzeko negoziazioetan ari da Alfonso Gallardo Taldea. Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordeko ordezkariek "ezer garbirik ez" dakitela azaldu dute: "Enpresak ez digu ezer jakinarazi. Dakiguna da enpresako gerentea Madrilen izan zela atzo, osteguna, bilera batean, eta auskalo han zer esan zioten". Gallardok "talde osoa eta, beraz, Lasaoko lantegia, salgai zuela eta norbait bazebilela atzetik" esan ziela jakinarazi dute. "Airean gaude, eta zurrumurruak hor daude". Orain informazio eske hasi beharko dutela diote Corrugados Lasaoko langileen ordezkari sindikalek, "salmenta zer eta nola gauzatzen den galdezka hasi beharko dugu". Dena den, "tentuz" ibili beharko dutela diote, "aurrekariak hor daude, Brasilgo CSN enpresarekin salmenta itxita zegoela esan ziguten lehen eta dena bertan behera gelditu zen. Beraz, adi ibili beharko dugu oraingo honetan".

Iaz Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuen enpresak, eta haren pean jardun zuten lanean. Orain, berriz, "ez gara ari lanean, material gutxi dagoelako": "Gallardok ez du materialik ekartzen, eta zerbaiten susmoa bagenuen. Zerbait zetorrenarena, zerbait txarra etor zitekeenarena edo salmentaren bat, bestela. Baina, zerbait imaginatzen genuen. Gainera, Gallardok esan zigun taldea gaizki zegoela, materiala erosteko dirurik ez zuela eta eroslerik balego saldu egingo zuela taldea. Aspaldian halakoak entzuten ari gara, eta momentuan hor gaude". Langileentzat "konponbide onena saltzea" dela esan dute. Egun 67 langile ditu Corrugados Lasaok.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide