Aitonak iratzargailu handi bat behar izaten zuen gauean lotarako, metronomoak bezain argi segundoak markatzen zituena, eta hura matxuratzen zenean, isilago batekin oheratzen bazen, lo hartu ezinik ibili ohi zen.
Orain gutxi Lisboako Os Prazeres hilerriari buruzko lerro batzuk irakurtzen ari nintzela jakin nuen hilobi erraldoi horietako batzuetan, bizimodua erosoago egiteko asmoarekin, hainbat gauza jartzen zizkietela eskura hilobiratzen zituztenei. Aitonarekin gogoratu nintzen eta zerraldoan gutxienik iratzargailu zaratatsu haietako bat sartu behar geniola esan nuen nirekiko, betikotasuneko loan lasaigarri gerta zekion, azken gau luze hori amesgaiztorik gabe igaro zezan.
Laurogei eta bi urte zituela kolpetik abaildu eta lanerako gauza ez zela geratu zen. Gogoan dut bere azken udako arratsalde luzeetan euskal autore zenbait irakurri nizkiola, Txomin Agirreren bi eleberriak, Etxaide, Uztaro... eta begirada urrunean galduta egoten zela entzuten. Ingurukoei kontatu izan diet Orixeren Euskaldunak irakurtzen saiatu nintzela tarteka, baserri giroko epopeia hori inori interesatzekotan aitonaren garaikoei interesatu behar zitzaiela pentsatuz, baina begirada zerumugatik ekarriz haserre begiratu ohi zidan eta "Orain ere horrekin al hator" esan ohi zidan. Geroztik nobela on bat irakurtzen ari naizenean tarteka aitonarekin gogoratu ohi naiz. Seguru nago Kirmenen azkena, Saizarbitoriarena noski... gustura jarraituko zituela. Zalantza handiak ditut, ordea, neureekin eta nago ez ote zidan haserre begiratu eta "orain ere horrekin al hator?" esango.
Irudipena dut irakurraldi haiek ez ote zioten bizitzaren azken nekeak arintzen lagundu eta gaueko isilaldi mingarriak betetzeko aitonak iratzargailuaren hotsak adina ez ote ditugun behar besteen ahotsak, besteen kontakizunak, bizitzako idorraldiak arintzeko.
Antonio Tabucchi izan da Os Prazeresko hilerrira eraman duten azken idazle handia. Normalean zutik idazten zuen eta eskuz, bizkarreko arazoak zituelako. Bere umetako Vecchianoko hilerriaren ordez Os Prazeres aukeratu bazuen, beharbada horregatik izango zen, tarteka zutik jarri eta azal gogorreko koadernoetan idazteko itxaropena izango zuelako.
Joxe Agirre ere joan zen, eserita egoten ikasi ez zuen beste gizon bat. Os Prazeresen hilobiratu izan balute ere, ez zukeen aulkirik beharko. Hurritz makilarekin irudikatzen dut. Zer gauza hoberik ezerezera garamatzen bidaia horretarako. Tarteka, hori bai, bi eskuak eta kokotsa makilaren kontra dituela geldirik geratuko zen, geratuko da, eta irribarre maltzur batek zimurtuko dio eta aldi berean gaztetuko aurpegia eta hildakoenak ere antzemango dio orduan bertso izpiren bat erne zaiola buruan, edo arrazoiren bat edo adarra jotzeko edo ziria sartzeko burutazioren bat. Duela astebete joan zaio bisitan beste bertsolari bat, Senpereko Jean-Pierre Soudre Larreko. Guk aditzeraz bakarrik ezagutzen genuen, baina seguru nago Joxek ezagutuko zuela eta han egongo dira Xalbadorren txisteak kontatzen, Oranda oso ona baitzen Xalbadorren txisteak kontatzen, haren euskalkia imitatuz gainera.
Woody Allenek galdetzen zuen: "Zeruan egongo al da Jainkorik? A!, eta garrantzizkoena, egongo al da emakumerik?". Bertsozaleok ere horrelako zerbait galdetzen dugu: egongo al da bertsolaririk?