"Zabortegi kutsakorrak" itxi daitezen aldarrikatu dute zenbait herritarrek

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 25a

Azpeitia, Zarautz, Ormaiztegi eta Zubietako zenbait herritar zapatuan, Lapatx zabortegian. (Ane Olaizola)

"Arazo larri baten biktimak" direla esan zuten, eta arazoa konpondu dadila aldarrikatu: "Konponbidea ez da etorriko zabortegi kutsakor bat beste leku batean irekitzean".

Azpeitiko eta Zarauzko herritarrek, Ormaiztegiko eta Zubietakoekin batera, Gipuzkoako "zabortegi kutsakorrak" itxi ditzaten eta errauste plantarik ireki ez dezaten eskatu zuten joan zen larunbatean, Azpeitiko Lapatx zabortegian. Gipuzkoako Zero Zaborrek deituta egin zuten agerraldia, eta horiek salatu zuten herrialdeko azken hamarkadetako "arazo larri baten biktimak" direla. Horregatik arazoa konpondu dadila aldarrikatu zuten; "ez dugu nahi guk pairatzen dugun arazoak beste leku batean paira dezaten. Guk ez dugu arazoa lekuz aldatzea eskatzen. Konponbidea ez da etorriko zabortegi kutsakor bat beste leku batean irekitzean", adierazi zuen Patxi Juartisti azpeitiarrak. Garazi Zubimendi zubietarraren arabera, konponbidea "zentzuz jokatzetik" hasiko da: "Prebentzio neurriekin batera, gaikako bilketa eraginkorra bermatzen duten sistemak zabaldu behar dira ahalik eta azkarren".

Horien arabera, lau herrietako herritarrak "hondakinen kudeaketa txarraren biktimak" dira, eta azpimarratu dute bilketa ezin dela ulertu “kudeaketa orokorretik isolatutako elementu bezala”. "Bilketa nola egin, halakoak izango dira ondorioak. Bilketaren gaineko erabakia bilketa egiten zaien herritarrei bakarrik dagokiela esatea, bi mailako herritarrak daudela esatea da; eskubidedunak eta eskubide gabeak". Planteamendu "antidemokratikoak" ekiditeko dei egin die erakundeei, eta aldarrikatu dute horiek ere eskubideak dituztela.

Hondakinen arazoari irtenbidea emateko neurriak, gainera, "ahal bezain azkar" hartu ditzatela adierazi zuten: "Askok uste dute aldaketak azkarregi doazela. Baina zabortegiaren ondoan bizi garenok oso argi daukagu denbora aspaldi bukatu zela".

Zero zabor eredua martxan jarri dadin aldarrikatu zuten: "Herritarren osasun eta ingurumena errespetatu beharreko baliotzat ditugu". Izan ere, herritarrek adierazi zuten zabortegira doazen hondakin "ia guztiak" direla birziklagarriak. Horien arabera, azken azterkek argitu dute %80 direla birziklagarriak. Hori frogatzeko, ariketa praktiko bat egin zuten, eta etxebizitzetan sortzen den zaborra bereiztuz, errefuxa "zati txiki bat" besterik ez dela erakutsi zuten. "Badakigu gaikako bilketa eraginkorra egiten duten sistemekin ia hondakin birziklagari guztiak berreskuratzea posible dela".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide