Otsailaren 24a, igande arratsaldea. Kanpoan elur giroa eta hotza nagusi, baina giro Sanagustin areto epelean. Ez zen inor asko damutuko bertan izanaz.
Andoni Egaña eta Xabier Lizaso, bertsolaria eta piano-jolea elkartu zituen ikuskizunak. Ez ohikoa oso, eta bakoitzaren artista banaren, Chopin eta 'Xenpelar'-en miresmenak ikuskizun berean elkartzeko zoria izan du. Bata zarauztarra, oriotarra bestea. Batak pianoa bezain urruti bizi zuen besteak bertsoa. Bi diziplinen, bi kultur adierazpideren arteko igurtziak hurbildu dizkigute, bien ezagutzak une berean zein batera jaso eta gozatuz, bi artista handiren aitzakiak bi artista hauek elkartu ditu eszenarioan, pianoz, bertsoz zein hitzez, eta bai maisutasunez egin ere.
Frantzisko Petrirena 'Xenpelar' eta Frederic Chopin gehiago ezagutu eta maitatzen ditugu atzodanik:
- Chopin eta 'Xenpelar'-ek bazituzten zenbait kointzidentzia: biak artista handi izanak, berritzaileak, gazterik hilak, burujabe ez zen herrialde banatakoak, Polonia ere ez baitzen orduan burujabea.
- Eta bazituzten desberdintasun handiak ere, nola ez, bata goi mailako gizarte-klase baten artista zen, Chopin, eta herri xehearen artista 'Xenpelar'. Baina bitxia bada ere Chopin Polonia hegoaldera bidali zuen medikuak bere osasuna hobetzeko, eta hango herri musika eta kultura deskubritzeak eragin zizkion obrarik ederrenetakoak.
- Inprobisatu zalea zen Chopin, musika idazteko alfer samarra, eta horretan bertsolariak ere antzekoak direla esan zuen Andoni Egañak.
- Heriotzako orduan bakoitzaren arreba bana lagun izatea da beste kointzidentzia. Parisen bakarrik eta osasun arazo larriekin zegoen Chopini arreba etorri zitzaion laguntzera Poloniatik.
- Arreba izan zuen lagun 'Xenpelar'-ek ere, egun gutxi lehenago alargundua, baztanga (viruela) gaitz kutsakorrak jota hil baitzen emaztea, eta 'Xenpelar'-i haurdun aurreratua zegoen arreba etorri zitzaion laguntzera. Inor ez zen sartzen baztanga gaitza zuenaren etxera, gaitz kutsakorra eta hilkorra zen orduan. 'Xenpelar' hil zen egunean jaio zen alaba Daniela, baina ama-alabak hil ziren hamar egunen buruan gaitz beraren eraginez.
Hasieran eta amaieran, umore puntua izan zuen hala ere ikuskizunak.
X. Lizaso eta A. Egañaren ikuskizun horretan Xebastian Lizaso ikusi baikenuen, harriturik, piano aurrean esertzen, eta eserlekua pianora hurbildu baino pianoa beregana garraiatzea nahiago izan zuena. Andonik Xebastianen piano-jole dohain ezkutu hori adierazi zigun bertsoz. Baina bertso-sortaren amaieran ezagutu genuen, errezeloz ikusten eta entzuten ari ginena, nor zen benetan pianoa jotzen ari zena, Xabier Lizaso, amaieran Xebastianek oihala altxatuz argitu baitzigun amarrua.
Eta amaieran ere, Andoni Egañak bertsoz agurtu eta zirikatu zituen azpeitiarrak, maisuki, Xabier Lizaso pianoan lagun zuela.
19 pieza gozatu genituen guztira ia bi orduko ikuskizunean. Batzuetan pianoa bakarrik, Chopinen hamarren bat pieza entzun genituen Xabier Lizasok maisuki jota. Beste batzuetan Antoni Egaña kantuan eta Xabier Lizaso pianoan 'Xenpelar'-en bertso sorta ezagunak kantatuz: 'Iparragirre abila dela', 'Betroiarenak', 'Haizak hi mutil mainontzi', sorta bakoitzaren berezitasunak eta xehetasunak ezagutzera emanez.
Hasierako eta bukaerako bi sorta ederrez gain izan ziren beste bi sorpresa ere. Bata Oiartzungo 'Matxiori' egindako dezimak, 'Xenpelar'-en argazkiaren aitzakian. Izan ere, ez baitago Xenpelarren argazkirik ez margo-lanik. 'Xenpelar'-en 100. urteurrenean Antonio Valverde margolariari, Valverde kantariaren aitari, eskatu zioten urteurrenerako argazki bat eratzeko, ezagutzen ziren ezaugarrien arabera. Eta honek, ezaugarri horiek zituen Antonio Lekuona 'Matxio' oiartzuarra hartu zuen modelo. 'Matxio'-rena gehiago da beraz, ezagutzen dugun 'Xenpelar'-en argazki hori.
Bestea, ezagutzen da eta entzun genuen Chopinek bere arrebari eskainitako pieza, baina ez da ezagutzen 'Xenpelar'-ek bere arrebari jarritakorik, eta Andonik bertsoak jartzea pentsatu zuen merezi zuela-eta. Baina nola 'Xenpelar'-en arreba ez zuen ezagutzen, bere arreba Arantzari jarri zizkion Andonik, bertso bikain askoak. Bapo biluztu zen Andoni bera ere bertso horietan.
Erniarraitzen Bertso-astearen barruan Erniarraitz eta Sanagustin kulturgunearen artean antolatua izan da ikuskizun hau. Edozeini gomendatzeko modukoa da, inolako zalantzarik gabe.
Zorionak Sanagustineko kudeatzaileei, aretoan giro goxoa eta entzuteko baldintza aproposak jarri zituztelako.