Realeko zale ugari dago Azpeitian, eta herritar talde bat peña sortzeko lanetan ari da joan den udaberriaz geroztik. Patxi Egañak jakinarazi duenez, "Garoa tabernan sortu zen peña osatzeko ideia": "Realaren partidak ikustera joaten ziren zaleek komentatu izan zuten taldea-edo sortzearen ideia, eta hortik sortu da peña".
Garoa taldea, aurrera Zuru izenburupean erregistratu dute taldea, eta dagoeneko 40 bat kide ditu izena emanda. Dena den, peña irekia da, eta izena eman nahi dutenek Garoa tabernan izango dute horretarako aukera. Egañak jakinarazi duenez, "urtean Realaren etxetik kanpoko partidetara pare bat irteera ere egingo ditugu, eta horietarako izena emateko aukera ere izango da".
David Zurutuza (Rochefort, 1986) Realeko jokalariaren aldeko peña da, eta Patxi Egañak adierazi duenez, "Zurutuza erdi azpeitiarra da, familia du hemen, eta horregatik sortu dugu bere aldeko taldea".
Aurkezpena bihar
Bihar, asteazkena, aurkeztuko dute Garoa taldea, aurrera Zuru peña. Garoa tabernan bertan izango da, 19:00etan hasita. Bertan izango dira, besteak beste, David Zurutuza jokalaria zein Mikel Aranburu, Tomas Orbegozo eta Juan Antonio Larrañaga jokalari ohiak. Patxi Egañaren arabera, "hiru belaunaldiren uztartzea izango da biharko aurkezpena". Realaren historiako zenbait une garrantzitsurekin osatutako bideoa ere emango dute aurkezpen-ekitaldian.