Oinarrirekin hitzarmena sinatu du Iraurgi Lantzenek, eskualdeko enpresen finantziazioa errazteko asmoarekin

Uztarria.eus 2013ko ots. 26a, 18:07

Elkarrekiko berme elkarteak "ohikoak baino finantziazio baldintza hobeak eskainiko dizkie Azkoitiko eta Azpeitiko enpresa txiki eta ertainei, epeei zein kostuei dagokienez", azaldu dute garapen agentziako iturriek.

Iraurgi Lantzen Urola Erdiko garapen agentziak eta Oinarri SGR elkarrekiko berme elkarteak hitzarmena sinatu dute, bailarako enpresei finantziazio bideak errazteko helburuarekin. Enpresa txiki eta ertainen eta gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketan espezializatutako elkartea da Oinarri eta, Iraurgi Lantzeneko iturriek adierazi dutenez, hitzarmenari esker "ohikoak baino finantziazio baldintza hobeak eskainiko dizkie Azkoitiko eta Azpeitiko enpresa txiki eta ertainei, epeei zein kostuei dagokienez".

Finantza-akordioak hasiera batean urtebeteko iraupena izango du baina, bi aldeek hala adostuta, urtero berritu ahal izango da. "Hitzarmenak Azpeitiko eta Azkoitiko ETEek banku-finantzaketa eskuratu ahal izateko baldintzak nabarmen hobetuko ditu, enpresa mundu osoak finantzazio-iturri berrietara iristeko arazo larriak dituen une hauetan", azaldu dute Iraurgi Lantzenetik.

Oinarri SGR-ek abian jarritako finantzazio-lerro horrek eraberritze eta egokitze lanetarako, altzariak, makineria edota instalazioak erosteko, bai eta ondasun higiezinak erosteko aukera emango die enpresei, baita inbertsio horiek Euskaditik kanpo egingo badira ere. Horrez gain, altxortegiko egiturazko beharrak finantzatzeko aukera ere ahalbidetuko du, eta enpresek doako finantza-aholkularitza zerbitzua ere jaso ahal izango dute Oinarriren eskutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide