Urola Erdiko Mankomunitateak gaur, asteazkena, jakinarazi ditu eskualdeko hondakinen inguruko 2012ko datuak. Urola Erdian, 2012an, 13.323.767,01 kilo hondakin sortu ziren. Horietatik 8.995.196 kilo (%67) zuzenean Lapatxeko zabortegira bota ziren, eta 459.163,01 kilo (%33) izan ziren gaika bildu eta birziklatze plantetara eramandakoak. Dena den, Orkatz Goenaga Ingurugiro teknikariak azaldu duenez, "gaikako bilketa tasa goraka doa, eta hamar urtean hamar puntu igo da". Azpeitian, esaterako, gaika hondakinen %32 jaso zuten iaz, eta nahastuta, gainontzekoa.
"Birziklatzea merkeagoa da, eta kalte ekologikoa ekiditeaz gain, gizakiaren kontzientzia garatzea dakar", gaineratu dute. "Ontzi grisetatik jasotako errefusa tonako 119,90 euro ordaindu ditugu, eta eskualdean, orotara, milioi bat euro baino gehiago. Aldiz, hondakina organikoen tratamenduak 65,57 euroko kostua du, eta 26.650 euro ordaindu ditugu".
Leire Etxaniz Makomunitateko lehendakari eta Azpeitiko zinegotziak azaldu duenez, "alde handia dago errefusarentzako edukiontzietatik ata gainerako sailkatutako edukiontzietatik jasotzen den hondakin kopuruaren artean. Kilo kopuru handiena edukiontzi grisetatik jasotzen da, horrek dituen ondorio ekonomiko eta ekologikoekin".
Hondakin organikoen bilketan ere igoera egon da joan den urtean. Etxanizek "igoera, batez ere, autokonpostatzearen ohituraren zabalkundeari dagokio. Herrietako bosgarren edukiontziekin saiakera eginagatik, aldaketa eta igoera, hainbat herri eta auzotan jarri den auto eta auzokonpostari dagokio".
Errefusaren kopuruak "harrigarriak" direla gaineratu du Mankomunitateko lehendakariak: "Azpeitian, adibidez, 306 kilo errefusa bildu ditu Mankomuniteak urteko eta biztanleko. Horren arabera, azpeitiar bakoitzak 300 kilotik gora errefusa sortu du, eta eskualde osoko bataz bestekoa 286 kilokoa da. Dena den, errefusaren joera beheranzkoa da; krisi ekonomikoagatik, sentsibilizazio kanpainengatik...".
Urola Erdiko Mankomunitatearen hurrengo erronka nagusia "ahalik eta hondakin gutxiena sortzea da, eta horretara bideratuko ditu bere lanak 2013. urtean", erantsi du Etxanizek.