Martxan da Joxe Takolo Bekaren 2013ko deialdia

Uztarria.eus 2013ko mar. 5a, 11:23

Joxe 'Takolo' zena.

Martxoaren 31a bitartean mendiarekin lotutako proiektuak aurkeztu beharko dira, udaletxeako erregistroan.

Goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortu zuen Azpeitiko Udalak Joxe Takolo Beka. 2001ean izan zen aurreneko deialdia, Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez. Proiektuak jatorrizkoak eta maila handikoak izan behar dute. Aurtengo deialdia abian da, eta egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira Azpeitiko udaletxeko erregistroan.

Diru-laguntza 2.800 eurokoa da, eta Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak finantzatuko dute.

Bekara aurkezteko proiektuek goi-mendizaletasunarekin lotura izan behar dute, eta aurten egitekoa izan behar du. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute.

Aurkeztutako egitasmoen artean zein lagundu erabakitzeko mahaia Azpeitiko Udaleko eta Euskal Herriko Mendi Federazioko ordezkariek osatuko dute. Erabakia apirilaren 1etik 15era bitartean hartuko dute.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide