Bilgune Feministaren irakurketa

Uztarria.eus 2013ko mar. 5a, 12:50

Bizi ereduen aldaketa sakonen aurrean gaude, sistema kapitalista patriarkalak bortxaz ekarri gaitu gaur bizi dugun aldaketa honen tenorera. Baina, arauak puskatu eta sortzeko, eraikitzeko, asmatzeko, beldurrari aurre egiteko, komunikatzeko dugun gaitasunetan sinisteko eta feminismoaren sokari indartsu eutsi eta tiratzeko garaia da. Sokaren bueltan batuz, lortuko baitugu, bizi dugun aldaketa hau norabidetzea, bizitzen eta pertsonen mesedetara egongo den jendarte antolaketa baterantz  urratsak ematea.

Baina, errealitatea da Euskal Herriko herritarron egoera sozioekonomikoak atzera pauso oso nabariak eman dituela: krisi finantzario edo ekonomiko baten aitzakiapean egundoko murrizketak eragin dituzte langile klasearen (langile  oro izan enplegatua edo ez, kontabilizatua edo ez barnebiltzen duen langile klaseaz ari gara) bizi baldintzetan zuzenean eragiten duten eremuetan. Hala nola, lan erreformak, Wert-en hezkuntza erreforma atzerakoia, osasungintzan eginiko murrizketak, justizian zenbait esparru pribatizatzeko ahalegina, etxebizitza eskubidearen aurkako urraketak edota pentsioen erreforma.

Zehazki, jendarteak ezartzen dizkigun funtzioak direla eta, emakumeoi zuzenean eta era lazgarriagoan eragin digute murrizketa hauek: familia esparruan zainketaren arduran zein etxeko lanetan, edota ezkutuko ekonomiaren indartzean esaterako. Inposatutako genero arauen ondorioz, emakumeok,  lan merkatuari zein herrien ekonomiari egiten dizkiogun ekarpenak dira hauek. Lan merkatutik kanpo egiterakoan "lan-enplegu" bezala onartzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu edota baloratu ere egin. Eta lan hauek bizitzak sostengatzen eta elikatzen dituzte egunero, bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak izanik.

Egun bizi dugun prekarietateak lan harremanen arloa gainditzen du eta bizitzako arlo guztiei eragiten die, egiturazko fenomeno bat izatera pasaz. Lehen, enplegu prekarioez (baldintza kaxkarrak zituzten lanpostuak) hitz egiten genuen, eta egun, bizitza prekarioez hitz egiten dugu. Prekarietatea oinarri duten bizitzak eratzen ari dira sektore kapitalista ultraeskuindarrak martxan dituzten neurri, erreforma eta politiken bitartez. Gobernuen koloreek ere inoiz baina esangura txikiagoa dute, ematen baitu denak ados jarri direla krisiaren aitzakiapean garatzen ari diren aldaketa sakonean: ongizate estatuak, orain arte ezagutu ditugun funtzio sozialagoa alde batera utzi eta  kapitalaren zerbitzu, erritmo eta bide bakarren mesedera jartzeko hautua egin du berriro ere. Ez da krisi huts bat, orain arte ezagutu ditugun oinarrizko eskubideen urraketa sakona ekarriko duen kapitalismoaren birplanteamendu bat baizik. Ez da krisia, kapitalismo patriarkalaren aurpegi gordinena da!

Honela bada, egoera larri honek, herritarrongan beldurra eragiten du, bizi-egoera prekarioak jadanik bizi ditugulako. Eta orain dela urte batzuk gure oinarrizko eskubidetzat genituen horiengatik borrokatzen bagenuen ere, gaur egungo egoerak, sistema honek eskaintzen dizkigun apurrak defendatzera garamatza. Honek azken batean, gure oinarrizko eskubideen ukapena dakar eta jendartean azken urteetan ematen ari zen desideologizazioan sakontzera garamatza: egoera latz hau besterik gabe onartzera eta bizimodu eredu prekarioago batekin konformatzera, finean. Beldurrak, blokeoa sortzen du; baina, emakumeok argi dugu, beldurrarekin hausteko modurik hoberena, bakarrik ez sentitzea dela: elkartzea, eta kolektiboki erantzun eta eraikitzea. Hala, feministok, bide honetan jardungo dugu! Beldurra sentitu arren, honi aurre egiteko bide kolektiboak jorratuz.

Gainera, Hego Euskal Herrian bereziki eta era nabarmenean, genero arauak ere atzera bidean indartzen ari dira. 2013rako aurrekontuetan, berdintasun politika deritzenetan, Estatu Espainiarretik %24ko murrizketak egon ziren. Ipar Euskal Herrian zer esanik ez: benetako berdintasun politikarik ez da oraindaino planteatu eta argi geratzen ari da murrizketa garai honetan ez dagoela arlo honetan ezer gehiago egiteko asmorik. Orain arte, mugimendu feministatik aurrekontu eta baliabide nahikoa ez zegoela salatu izan badugu, zer esanik ez, krisiaren aitzakia hartuta egingo dutenarekin. Etxera buelta sustatu nahi dute sektore atzerakoi eta ultraeskuindarretatik (eliza, PP, OPUS DEI...) eta ez dira lotsatzen edota ezkutatzen, gainera, aitzakia hori baliatuz azken urteetan lortutako emakumeoi dagozkigun eskubideetan urraketa nabariak egiterako garaian. Etxera bueltatzea aldarrikatu, indarkeria sexistaren alorrean baliabideak murriztu, abortatzeko eskubidean atzerapausoak eman, feministen kontrako erasoaldia areagotu, e.a. Guztia, emakumeok, sistema patriarkalak inposatutako funtzio sozialean jarraitzeko; gure bizitza, gure gorputzak, kapitalaren mesedera jartzea dute helburu, beste behin ere.

Beraz, gure denboraz, bizi-uneez, gure produkzioaz, gure zaintzaz, gure gorputzez, gure lanaz, gure desioez erabat jabetu nahi duen sistemaren eta estatuen aurrean gaude. Baina hau sostengatzeko, sistemak GU behar gaituela kontziente egin eta izan behar gara. GU gabe kapitalismoa ez delako ezer, patriarkatuak ezingo  bailuke biziraun. Inposaketa eta indarkeriaren bidez egoera hau sostengatzera behartzen bagaituzte ere, guk geuk aldaketa hau gure mesedera jartzeko aukeran sinistu behar dugu, inoiz baino ozenago.

Honela, arauak puskatu eta sortzeko, eraikitzeko, asmatzeko, zaintzeko, kooperaziorako eta komunikatzeko dugun gaitasunean sinistu behar dugu. Eta bereziki, herri bezala balio, gaitasun eta potentzial hau garatzeko ahalmenean sinistu eta indarra, lana eta denbora metatu eta eskaintzen hasi behar gara. Koka gaitezen bereizkeriak eta injustiziak ekidin eta gaindituko dituen marko administratibo propioaren aldeko norabidean, eta ekin diezaiogun bide honetan eredu alternatiboak martxan jartzeari; gure bizitzak, behar eta desioak erdigunean kokatuko dituen bizi eredua sortzeari. Feminismotik jabetza kolektiboan oinarritua, lanaren banaketa erreala eta aberastasunaren banaketa ahalbidetuko duen eta botere harremanak gainditu eta pertsonen arteko diferentziak gainbalio gisa hartuko dituen bizi eredua sortzen ari gara.

Bilgune Feministatik, emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren aldeko deia egiten dugu. Feminismoa bera alternatiba bezala ulertuz, jarrai dezagun eskubideen aldeko borrokan, harreman eredu justu eta parekideen alde lanean eta finean, jendarte eredu humanoagoa eta iraunkorragoa garatzen. Batu gaitezen eta egonkortu ditzagun erresistentzia sareak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide