Guille Justo eta Antonio Pantin asteko bostekoan

Guille Justo. (IRAURGI SB)

Eskolta kanariarra otsaileko kanpoko jokalari onena aukeratu dute, gainera, Zilarrezko Adecco ligan.

LEB Plata. Asteburu honetan uste baino garaipen errazagoa lortu zuen Azpeitia Azkoitia ISBk CEBA Guadalajara Kopako txapeldunari 80 eta 62 irabazita. Horren erantzuleetako batzuk izan ziren Antonio Pantin eta Guille Justo.

Pibot galiziarrak 16 puntu sartu eta 17 errebote eskuratu zituen, zona barruko jaun eta jabe bihurtuz. Gainera, hiru asistentzia banatu zituen, bi baloi berreskuratu eta beste bi falta jaso zituen. Guztira 25eko balorazioarekin amaitzeraino.

Guille Justo, berriz, taldeko saskiratzaile nagusia izan zen beste behin, 19 punturekin. Gainera hiru errebote eskuratu zituen, bost asistentzia banatu eta, Pantinen moduan, bi baloi berreskuratu eta beste hainbeste falta jaso. Azkenean 22ko balorazioa eskuratu zuen. Eskolta kanariarra sasoiko dagoela ez dago dudarik eta horren erakusle garbiena da otsaileko kanpoko jokalari onena izendatu dutela Solobasket saskibaloi web orrikoek (urtarrilean Lander Lasa aukeratu zuten). Eta izendapen hau ez da harritzekoa pasa den hilean lortu dituen zenbakiak ikusten baldin baditugu: 22 puntu bataz beste (%48 biko jaurtiketetan, %43 hirukoetan eta %82 jaurtiketa libreetan), 2’3 errebote partiduko, 3 asistentzia, 1’7 baloi berreskuratuta eta 3’7 falta jasota. Guztira otsaileko laugarren jokalari baloratuena izan da (hirugarrena izan da Lance Kearse), 20,3ko balorazioa lortuta bataz beste partiduko jokatu dituen 36 minutuetan.

Justori kostatu  egin zaio bere jokorik onena ematea, baina gutxika-gutxika daukan mailaren berri ematen hasi da eta badirudi play-offetara sasoi puntu bikainean iritsiko dela, taldearendako horrek daukan garrantziarekin.

Zorionak biei!!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide