Udan haur saharar bat etxean hartu nahi dutenek izena eman dezakete oraindik

Uztarria.eus 2013ko martxoaren 5a

Oporrak bakean programaren barruan, Khamar Saharar herriaren aldeko Azpeitiko taldea uztailean eta abuztuan haurrak hartu nahi dituzten familien zerrenda osatzen ari da. Martxoaren 15ean bukatuko da epea.

Khamar Saharar herriaren aldeko Azpeitiko taldea udari begira lanean ari da aurten ere. Bi hilabetez, uztailean eta abuztuan, saharar haurrak etxean hartuko dituzten familien zerrendaren osaketa nahikoa aurreratua daukate dagoeneko, baina oraindik zabalik dute izena eman nahi duten familia gehiagorentzako epea.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Oporrak bakean programaren barruan etorriko dira aurten ere Saharako umeak, besteak beste, Azpeitira. Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrak dira. Udan, paraje haietan bizi-baldintzak lehenaz gain asko zailtzen zaizkie, 50 graduko tenperaturekin. Tenperatura horiek umeengan sor ditzaketen ondorioak saihestea da, hain zuzen ere, saharar haurrak Euskal Herrira ekartzearen arrazoi nagusienetakoa.

Programan parte hartu eta datorren udan etxean saharar haur bat hartu nahi duenak martxoaren 15a baino lehen eman behar du izena. Horretarako, eta behar duten informazio guztia eskuratzeko, 699964662 telefonora deitu behar du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide