Lan eta eskubide sozial duinen alde

Uztarria.eus 2013ko mar. 6a, 11:27

Santander bankuak Azpeitian duen bulegoaren aurrean egin zuten protesta ELAko ordezkariek.

Hilaren 16an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin du ELAk. Mobilizazio nazionala "lan eta eskubide sozial duinak eta eredu sozial eta ekonomiko berriaren aldekoa" dela nabarmendu dute

Urola Kostako enpresetako ELAko 80 bat ordezkarik atzo, asteartea, batzarra egin zuten Azpeitian. Gero, Banco Santanderren bulegoaren atarian elkarretaratzea egin zuten; Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoa ere bertan izan zen. Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek eta gehiengo sindikalak deituta, martxoaren 16an, zapatua, Bilbon egitekoak diren manifestaziora joateko eskatu zuten. 

Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 17:30ean. Mobilizazio nazionala "lan eta eskubide sozial duinak eta eredu sozial eta ekonomiko berriaren aldekoa" dela nabarmendu dute. "Egindako politikek ito egin gaituzte. Helburua, urte luzez borrokatuz lortu ditugun eskubideak deuseztea da. Egoera honetatik irteteko bide bakarra eredu ekonomiko eta sozial berria sortzea da", azpimarratu dute.

ELAz gain, manifestazioari atxikimendua eman diotenen artean daude, besteak beste: AHT Gelditu!, Askapena, Bilgune Feminista, Eginaren Eginez, Eguzki, Elkartzen, Eskuz esku, Ikasle abertzaleak, Sare Antifaxista, Salhaketa, SOS Arrazakeria, Urtxintxa eskola eta Mugarik gabe. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide