Hilaren 16an izango da San Jose Trikiti Jaialdia

Uztarria.eus 2013ko mar. 6a, 14:46

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak eta Imanol Amenabar Azpeitiko Kultura zinegotzia.

Hilaren 16an, zapatuan, izango da, 17:30ean hasita, Soreasu antzokian. Sarrerak salgai daude dagoeneko eta erreserbak ere egin daitezke. Aurtengo jaialdian ez dute inor omenduko.

Aurten ere ez du hutsik egingo San Jose Trikiti Jaialdiak. Hilaren 16an, zapatua, izango da Soreasu antzokian, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatuta. "Iaz arrakasta" izan zuela-eta, aurten ere Soreasun egitea erabaki dutela azaldu du Imanol Amenabar Udaleko Kultura ziengotziak. "Jaialdiak beti erantzun ona izan du jende aldetik eta Soreasu trikitizaleen bilgune izatea espero dugu", gaineratu du. 

Jaialdian zazpi talde izango dira, 17:30ean hasita:

  • Elustondo anai-arrebak
  • Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea
  • Gari eta Iñaki
  • Jaione eta Jon
  • Xabier Etxaniz Aizpurutxo, Galdos eta Ainara
  • Eneko Dorronsoro eta Andoni Ezkerra
  • Kepa Junkera eta Motriku

Omendurik ez

Aurtengo jaialdian ez dute inor omenduko. Josu Arrizabalaga Izer-ek adierazi duenez, "inor ez dugu omenduko, baina jaialdi erakargarria antolatzen saiatu gara. Parte hartuko duten trikitilariak oso ezagunak dira eta ez dute aurkezpenik behar. Oso gustokoak dira trikitizaleen artean".

Iazko jaialdian Berastegi, Zabale eta Izer omendu zituzten. 2011an, aldiz, inor ez omentzea erabaki zuten antolatzaileek.

Sarrerak salgai

Jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Azpeitian, Mendizabal, Pastorkua eta Ametsa tabernetan eskuratu daitezke 12 euroren trukean. Azkoitian, berriz, Ixidro erretgian.

Aurten erreserbak egiteko aukera ere jarri dute. Horrenbestez, aurrez sarrerak erreserbatzeko trikitixa@trikitixa.com helbidera idatzi edo 943 83 28 28, 669 363 492 ala 657 794 217 zenbakira deitu daiteke. Egunean bertan, 16:00etatik 16:30era bitartean izango da erreserbatutako sarrerak jasotzeko aukera, Soreasu antzokiko txarteldegian. Tarte horretan jasotzen ez diren sarrerak salgai jarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek.

Sarrerak aurrez erosten edo erreserbatzen ez dituztenek, egunaen bertan erosi ahal izango dituzte 16:00etatik aurrera, Soreasuko txarteldegian. Antzokiko ateak, berriz, 17:00etan zabalduko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide