Martxoko ohiko Udalbatzarra egin zuten atzo, asteartea, udaletxean. Bilkuran, EAJren udal taldearen kide berri den Josetxo Aizpuru ofizialki egin zen zinegotzi karguaren jabe. Jesus Larrañagak utzitako tokia beteko du Aizpuruk aurrerantzean; urtarrilean dimisioa eman zuen Larrañagak. 2011ko udal hauteskundeentan EAJren zerrendan seigarren postuan aurkeztu zen Josetxo Aizpuru.
Larrañagaren hutsunea beteko badu ere, jeltzaleen alkategai izan zenak Udalean zein bestelako baltzuetan zuen ordezkaritzaren lekukoa Aitor Gorrotxategik hartuko du. Horrela, udal batzordeetan eta baltzu publikoetan EAjren zinegotzi taldearen berrantolaketa nola egingo duten ere jasota gelditu zen plenoan.
Fiare proiektuaren aldeko apustua
Udalak Fiare Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzearen alde bozkatu zuten aho batez Udalbatzarrean. Fiare proiektua banku etikoaren esparruan kokatzen da. "Udal Gobernuak ekonomia sozialaren aldeko apustuarekin bat" egiten duela azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak, eta horregatik bihurtuko da Azpeitiko Udala Fiareren kide: "Diruaren erabilerak etikoa izan behar du, horregatik banku etikoen aldeko apustua egiten dugu. Eta etikoa diogunean gure aurrezkiak mundu justuago bat lortzeko erabiltzea eskatzen dugu; ez, adibidez, armak erosteko edo ingurugiroa puskatzeko edo espekulatzeko proiektuetan".
Alkatearen hitzetan, "ekonomia erreal baten alde egitea da asmoa", bankuek berez izan beharko luketen jarduera betez: "Banku etikoen bidez ekonomia erreala bultzatzen da, gizartean inpaktu positiboa duten proiektuak sustatzeko: gai sozialetan, ingurumenean, bazterketa jasaten dutenengan, bidezko merkataritzan... erabiltzen dute dirua. Dirua ez da erabiltzen ekonomia espekulatibo baten mesedetan, gizarte osoarentzat onak diren proiektu errealen aldeko apustuetan baizik".
Fiare "eredu parte-hartzaile eta gardena" delako aukeratu dutela ere azaldu zuen Etxeberriak. Horrela herritarrak eta eragileak Fiare ezagutu eta bertan bazkidetzera animatu ditu alkateak, "gardentasuna eta partaidetza ikur dituelarik, bizi ditugun garaiotan gizartearen esku eta gizartearen zerbitzura dagoen horrelako bitarteko finantziario bat izateak inoiz baino balio gehiago baitu”.
Hizkuntzaren gorabeherak
Bi adierazpen eta mozio bat ere onartu zituzten astearteko bilkuran. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako Udalaren adierazpen instituzionala izan zen aurrena. Hiru udal taldeek aho batez onartu zuten adierazpena baina, iaz egin bezala, EAJri adierazpenean erabilitako "hizkuntza hainbatentzat arrotza dela" iruditzen zaiola nabarmendu nahi izan zuen Onintza Etxeberria zinegotziak, "eta jende asko ez dela identifikatuta sentituko".
Parot doktrina bertan behera uztea eskatzen duen mozioa, berriz, Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten; Hamaikabateko Aitor Arangurenek ez zuen parte hartu bozketan. Alkateak azaldu zuen bezala, Eusko Legebiltzarrean ere onartu duten testu berdina da, Estrasburgoko Giza-Eskubideen Auzitegiak doktrinaren kontra emandako epaiari Espainiako Gobernuak jarri helegitearen ebazpena ateratzear den honetan.
Azkenik, Euskal Herriko 30 langile batzordek hilaren 9ko manifestazioari begira plazaratu duten Ez kaleratzerik, ez erreformarik, ez inposiziorik. Enplegua defenda dezagun manifestua ere onartu zuten martxoko bilkuran, kasu honetan Bilduren eta Hamaikabaten aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. Batateik, "hizkuntza ez zaigu gustatzen", azaldu zuen Itziar Lasa zinegotziak; borroka hitza "hamasei aldiz errepikatzen" dela aipatu zuen eta hitz hori "oso gogorra" dela iruditzen zaiela. Manifestuak "marrazten duen eredua XIX. mendekoa" da, bestetik, Lasaren esanetan, "edo langilearekin zaude, edo kapitalarekin. Testua oso alde batekoa dela uste dugu", esan zuen.