Askatuak berriz nagusi gipuzkoarren arteko derbian

Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Asier Arzallusek sekulako neurketa burutu du (26 puntu eta 31ko balorazioarekin) eta bere taldearen salbazio matematikoa lortu du.

Zilarrezko Adecco ligan dauden bi talde gipuzkoarrak lehiatu dira Donostiako Josean Gaska kiroldegian, bi taldeak ere helburu ezberdinekin. Cafes Aitona Askatuakek garaipena behar zuen matematikoki salbazioa lortzeko, izan ere Kanaria Handiak atzo galdu eta gero, hori lortuko lukete David Blankarenek gaur irabazita. Azpeitia Azkoitia ISBk ordea, igoera playoffetara begira kantxa faktorea aldez izan eta ahalik eta postu hobeenean amaitzeko nahia edukita, laugarren postuan jardunaldia amaitzea bilatzen zuen.

Jon Santamaríak eroso ez jokatzeko nahiarekin Imanol Zubizarreta jarri du hasierako bostekoan Iurgi Caminosek baina lehen minutuetan etxekoak nagusitu dira. Batetik ISBko jokalariak asko huts egin dutelako erasoan. Nahiz eta jaurtiketa onak bilatu eta aurkitu dituzten baloiak ez du uztaian sartu nahi izan eta Justoren eta Kearseren ahaleginak antzu bilakatu dira. Beste aldean berriz, Arzallusek eta Casanovak ez zuten huts egiten. Pantin zona barruan nagusitzen hasi da eta horrek mantendu du neurketa nahiko berdindua, baina kanpotik behin eta berriz asmatzen zuten etxekoek eta harmailetara gerturatu diren zaleek lehen laurdena 23 eta 14 nola bukatzen zen ikusi ahal izan dute.

Etxekoen nagusitasuna erabatekoa zen. Bigarren laurdenaren hasieran Arzallusek hiruko marratik eta Aranburuk taula azpian min egiten jarraitzen zuten. Askatuakeri derbyak ondo ematen zaizkiola erakutsi dute etxekoek eta puntu pila batu dituzte. 10-12ko diferentzia izan dute alde minutu askoan. Lance Kearse bakarrik zen kapaz puntuak biltzeko Iraurgikoen partetik eta hori ez zen nahikoa. Lander Lasa ahalegindu da behin eta berriz hiruko marratik, baina gaur ez zen bere eguna. Donostiarrak egoki zebiltzan defenditzen ISBkoen mugimendu oro eta nahiz eta gehiegi asmatu ez, horrek eragiten zuen markagailuko aldeak behera ez egitea. Ideia gutxi erakusten zuten Iurgi Caminosenek erasoan, behin eta berriz kanpoko jaurtiketak erabilita, baina gaurkoan jaurtitzaileek ez dute beraien egunik onena eduki. Barneraketak bilatu dituztenean min gehiago egin dute. Defentsan ere Guridik beste puntu bat eman dio taldeari eta erasoko falta batzuk atera ditu. Modu honetara aldea murriztea lortu du Azpeitia Azkoitia ISBk eta atsedenaldira 34 eta 28 iritsi dira.

Hirugarren laurdena Kearseren alley-hoop ikusgarri batekin hasi da baina erasoan gauza gehiegi ez dira aldatu. Behin eta berriz kanpotik ahaleginduta puntuak ez ziren iristen eta defentsan gauzak hobexeago egin badituzte ere, aldea zabaltzen hasi dira berriz etxekoak. Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan du. Pantinekin jokatzen hasi dira Urola bailarakoak, Justo ere asmatzen hasi da eta taldea arriskutsuago bihurtu da. Hori bai, etxekoek ere puntuak batzen jarraitzen zuten baina hala ere, Lander Lasak jarraian lortutako bost punturi esker bira jarri dira Iraurgikoak. Arzallusek lortutako 2+1eko batek eta Hiru jaurtiketa librek berriz ere lasaitasun txiki bat eman die etxekoei baina ISB pizten hasia zela zirudien. Laurden amaieran: 54 eta 47.

Kearsek lau puntu jarraian sartu ditu laugarren laurdena hasi bezain pronto eta gauzak aldatzen hasiko zirela zirudien, baina Arzallus ez zegoen horretarako prest. Lana erruz egin beharra zeukan atzean Azpeitia Azkoitia ISBk gerturatzea lortzen baitzuen baina, Askatuakek beti erantzuten zuelako momentu erabakigarrienetan berriz ere alde nahikoa zabaltzeko. Etxekoak ziren erritmoaren jabe eta azken minutuetan markagailua alde edukita Santamaria maisua da horretan. Hala ere, ez dute etsi Iurgi Caminosenek eta minutu eta erdiren faltan hiru puntura gerturatzea lortu dute, baina berriz agertu da partiduko protagonista Arzallus partidua etxekoen alde erabakita uzteko. Azkenean: 74 eta 63.

Saskiratzaileak: (23-14/34-28/54-47/74-63)

CAFES AITONA ASKATUAK: Del Valle (4), Martinez (9), Casanova (4), Arzallus (26) eta Santamaria (10) –hasierako bostekoa- Kane, Urtasun (10), Aranburu (8), Fernadez de Retana (2), Aranzabal eta Perez (1).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (15), Kearse (16), Zubizarreta, Motos (3) eta Pantin (13) –hasierako bostekoa- Ibargutxi, Lasa (10), Urbizu, Fohler, Barberena eta Guridi (6).

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide