Baigera erretiratuen elkarteak berritu du, urtero legez, zuzendaritza. Martxoaren 6an egin zuten jubilatuek urteko bazkide batzarra eta, ohikoa dutenez, han eman zuten zuzendaritzaren osaketaren berri. Horrela, Jose Inazio Etxeberriak beteko du lehendakaritza; Kontxi Esnal izango da diruzaina; Joan Amenabar eta Arantza Aizpuru, idazkariak; eta Inazita Campos, Mari Karmen Etxeberria, Joxemai Iturria eta Maria Luisa Oiarzabal dira gainerako batzordekideak. Aurten Pedro Mendozak eta Maria Luisa Irulegik utzi dute zuzendaritza, eta Kontxi Esnaola eta Maria Luisa Oiarzabal sartu dira haien tokian.
Zuzendaritza berria osatzeaz gain, batzarrean elkartearen egoeraren berri eman zuten, diru sarrera-irteerak eta gauzatutako ekimenen errepasoa eginez eta etorkizunerako erronkak aurkeztuz, hala nola arlo soziala indartzearekin lotutakoak.
Gasteizera txangoa
Hurrengo irteera prestatzen ere ari dira Baigeran. Hain zuzen ere, Gasteizera joango dira erretiratuen elkartekoak martxoaren 21ean, eta txangoan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eros ditzakete txartelak Baigeraren bulegoetan, ohiko ordutegiaren barruan. 27 eurotan jarri dituzte salgai, baina Gasteizen katedrala bisitatu nahi dutenek 5,50 euro gehiago ordaindu beharko dute.