Aurrekontua %15 murriztuta antolatu dute Diego Garciaren Oroimenezko XX. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Martxoaren 23an izango da lasterketa. 16:30ean abiatuko dira korrikalariak Azkoitiko Julio Urkijo kaletik. "Diru-laguntzak jaitsi dituzte, baina hala ere goi mailako proba antolatzeko apustuari eutsi diogu. Aurrerantzean ere probaren filosofia mantentzen ahaleginduko gara, egoera berrietara moldatuz. Aurtengo aurrekontua 72.600 euro ingurukoa izatea espero dugu", esan zuen probaren aurkezpenean Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeko kide Agustin Jimenezek. Dena den, proba laguntzen duten babesleak eskertu dituzte. Horiez gain, Azkoitiko eta Azpeitiko ehun merkatalgunek baino gehiagok probari laguntza ematen diotela nabarmendu du. Probaren egunean, berriz, ia 300 lagunek jarduten dute boluntario lanean.
Hogeigarren aldi honetan ere, Gipuzkoako Maratoi Erdiko txapelketa jokatuko dute, eta
Asier Cuevas omenduko dute irteeran, Azpeitian bizi den kirolari eibartarra, "atleta handia izateaz gainera, pertsona handia delako". Azkoitia-Azpeitia proban askotan parte hartu du Cuevasek,eta erbi lanean ere jardun du. Cuevasek berarekin akordatzeagatik eskerrak eman dizkie probaren antolatzaileei. Aurten, atleta gipuzkoarrekin taldean irtengo duela aurreratu du eibartarrak.
Cuevasek maratoi erdian parte hartuko du, baina nazioarte mailako izen handi batzuk ere izango dira tartean. Gizonezkoetan, Azkoitia-Azpeitian bi urtez bigarren egin duen Mark Kiptoo, Joseph Ebuya eta Atnthony Maritim keniarrak, Yonas Kifle eritrearra, Aschalew Neguse Meketa etiopiarra, eta, Pedro Nimo del Oro eta Eliseo Martin Omenat espainiarrak. Emakumezkoetan, berriz, Joshepine Jepkoech keniarra eta Tsgereda Girma etiopiarra eta Elena Espeso eta Yesenia Centeno espainiarrak. Ebuyak krosean-eta ibilbide oparoa du, baina aurreneko maratoi erdia Azkoitia-Azpeitikoa izango du, beraz, ikusteko dago maratoi erdian zer lan egiteko gai den".
Nesken parte hartzea
Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako kirol zinegotziek proba antolatzen parte hartzen duten lana goraipatu dute: "Goi mailako eta herri mailako lasterkariak lotzen dituen proba da. Eta hori lortzeko antolatzaileek egin ohi duten lana eskertzekoa da", azaldu du Manuel Unanuek, Azpeitiko kirol zinegotziak. Aurten emakumeen parte hartzea sustatzeko antolatzaileek egindako ahalegina ere nabarmendu du. "Azpeitia eta Zarautz arteko 30-40 emakumeko taldea animatu da proban parte hartzera. Era horretan, inguruan korrika aritzen diren emakumeak erakarri nahi ditugu lasterketara", azaldu du Xeyekoak.
5 euro garestiago, ostiraletik
Maratoi erdian izena emateko aukera iazko azaroan zabaldu zuten, eta 800 bat lasterkarik eman dute jada. Baina jendeak beti izena emateko azken egunera arte itxaroten duenez, horrekproba antolatzeko lanetan sortzen dituen oztopoak ekiditeko, ostiraletik aurrera inskribatzen direnek 5 euro gehiago ordaindu beharko dute. Internet bidez egin daiteke, www.azkoitia-azpeitia.com webgunean, edota kirolprobak.com atarian, martxoaren 21a bitartean. Bestela, Azpeitiko Aitzaki eta Aradi kirol-dendetan edota igerilekuan eta Azkoitiko Plaza Berri Sporten edota Elkargunean eman daiteke izena. Parte-hartzaileek proba bukaeran elikagaiekin osatutako poltsa eta galtzerdi parea jasoko dituzte opari. Gizonezkoek Azpeitiko igerilkuan izango dituzte aldagelak, eta emakumeen Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.
7,5 kilometo, proba herrikoia
Maratoi erdiarekin batera 7,5 kilometroko lasterketa herrikoia ere antolatu dute martxoaren 23rako. Proba hau maratoi erdia baino ordu laurden lehenago (16:15ean) hasiko da, Azkoitiko Julio Urkijo kalean. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 21a baino lehen eman behar dute izena, maratoi erdirak oeman behar den tokietako batean. Kasu honetan, ostirala bainol ehen izena ematen ez dutenek parte hartzeko hiru euro gehiago ordaindu beharko dute.
Lasterketa herrikoiaren bidea maratoi erdiaren ibilbidetik izango da, eta dortsal urdina izango dute korrikalariek.
Txipak eta dortsalak lasterketaren egunean jaso beharko dituzte parte-hartzaileek, irteera puntuan (Azkoitiko Julio Urkijo kalean), eguerditik 16:15ra bitartean.
Aurten ere 3 urtetik 10 urtera arteko haurrentzako ludoteka zerbitzua jarri dute, Azpeitiko Txiki Txokon. Zerbitzua erabili nahi dutenek aurrez Azpeitiko kiroletako bulegora jo behar dute, 943-15 00 95 telefonora deituz.