Azkue Literatur Saria jaso dute Iñaki Arizmendik eta Nerea Urrestillak

Uztarria.eus 2013ko mar. 15a, 11:20

Arizmendi eta Urrestilla, sari banaketaren ostean, Bilbon. (Urola ikastola)

Arizmendik, narrazio alorreko bigarren saria eskuratu du. Urrestillak, berriz, epai-mahaiaren aipamen berezia jaso du. Urola ikastolako ikaslean dira biak.

Euskaltzaindiak eta BBK-k elkarlanean, urtero banatzen dituzten Resurreccion Maria Azkue Literatur Saria jaso dute Urola ikastolako Iñaki Arizmendi eta Nerea Urrestilla ikasleek. Arizmendik narrazio alorreko A mailan (11 eta 14 urte bitartekoen maila),  bigarren saria jaso du Altxa porru! ipuinari esker. Urrestillak, berriz, epai-mahaiaren aipamen berezia jaso du, Maialenen egunerokoa lanarekin.

Aurten, orotara, 167 lan aurkeztu dira. Horietatik 6 Arabatik bidali dituzte; 57 Bizkaitik; 94 Gipuzkoatik; eta 10 Nafarroatik. Aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta A mailan, eta B mailan, Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Mayi Iza.

Joan den asteazkenean, martxoaren 13an, egin zuten sari banaketa Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan eta han izan ziren bi azpeitiar ikasleak (argazkian).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide