Jon Olazabal: "Korrikan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da gure nahia"

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 20a, 16:20

Jon Olazabal da Korrika Urola (Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa) batzordeko koordinatzailea, eta azken hilabeteetako lanaren emaitza izango du gaurkoa.

Izan ere, gaur iritsiko da Korrika 18 Azkoitira eta Azpeitira. Elgoibarretik sartuko dira euskalakariak bailarara, 21:20ak inguruan, eta Azkoitia zeharkatu ostean, Azpeitirako bidea hartuko dute. Txerloia parean hartuko dute aurrenekoz azpeitiarrek testigua, 22:10 aldean. Azpeititik Txerloiara joan nahi duten herritarrek autobusean bertaratzeko aukera izango dute. Izan ere, Euskotrenek ez ohiko geldialdia egingo du astotegian, 21:30ean. Azpeititik, berriz, berriro itzuliko dira Azkoitira, eta Elosua zeharkatuz agurtuko dute Korrika herritarrek. Larunbatean berriro sartuko dira euskalzaleak eskualdean, Zestoatik hasita kostako herriak zeharkatuko baitituzte.

Zer moduz joan dira antolaketa eta koordinazio lanak?

Orokorrean ondo joan dira. Herri bakoitzak, ordea, bere errealitatea du. Herri batzuetan jende askok hartu du parte, eta herritarrek iniziatiba handia erakutsi dute, gainera. Beste batzuetan ez da halakorik izan, eta beharbada gehiago tiratu behar izan dugu, zentzu horretan. Hala ere, balorazio positiboa egiten dut; ondo joan da prozesua.

Helburuak lortu al dituzue?

Bai, lortu ditugu. Kilometroak saltzea lortu dugu, behintzat, eta herritarrek ondo erantzun dute.

Gaurkoan zer harrera izatea espero duzue?

Ahal den herritar gehienek parte hartzea eta ibilbide osoan jendea egotea da gure asmoa. Badakigu ordutegia ez dela egokiena, gauean pasatuko baita Korrika. Hain zuzen, gauez izatea eta ibilbidea ohi baino zazpi kilometro luzeagoa izatea oztopoa izan daiteke, beharbada gainontzeko urteetan baino jende gutxiagok hartuko duelako parte.

Kilometro guztiak saldu al dituzue?

Bai, eragile eta talde askok hartu dute parte. Azpeitian, esaterako, soberan saldu ditugu. Dauden kilometroak baino gehiago erosi dira, eta banatu egin behar izan ditugu zenbait kasutan.

Korrika 18 eskualdean prestatzea lan handia izan al da?

Pertsona askorekin harremanetan egotea eskatzen du, eta adi egon behar izan dut. Kontaktu asko egin ditut. Zentzu horretan, lan astuna da. Hala ere, AEKk izugarri lagundu dit lan honetan.

Gaurkoa lan horren emaitza izango al da?

Bai, hala izatea espero dut behintzat. Dena den, uste dugu herritarrek ondo erantzungo dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide