Hezkuntza alternatiboaren inguruan ariko dira bihar, ostirala, Sindikatu Zaharrean

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 21a, 17:43

Ipar Euskal Herriko Bizi Toki proiektua aurkeztuko dute, herriko guraso eta hezitzaileek sortu duten Bizilore Hezkuntza Elkarteak antolatutako hitzaldian. 18:00etan hasiko da.

Azpeitiko guraso eta hezitzaile talde bat biltzen hasi eta Bizilore Hezkuntza Elkartea sortu dute. Astero biltzen dira, "ez gaude ados gaur egungo hezkuntza sistemarekin eta horren inguruan hausnartzeko biltzen hasi gara", diote. Eskolaratu gabe dauden haurrekin egoteko toki baten beharraz edota bilgune alternatibo baten sorreraz ere hitz egin dute elkartekoek.

Aurrera begira, hainbat egitasmoren inguruko hitzaldiak antolatzeko asmoa dute, besteak beste. Antolatu duten aurrenekoa bihar da, 18:00etan, Sindikatu Zaharrean. Ipar Euskal Herrian martxan dagoen Bizi Toki egitasmoa aurkeztuko dute. Hizlari ekimen horretako kide den Gorka Torre ariko da. Hitzaldiaren izenburua, Eraldaketa soziala eta hezkuntza alternatiboa bultzatzen duen Bizi Toki egitasmoa da.

Azpeitiko Bizilore Hezkuntza Elkartea astero biltzen da eta Aste Santuko oporraldiaren ostean, ostegunetan, 10:00etan, Sindikatu Zaharrean elkartzeko asmoa dute. Horrez gain, haurrekin biltzeko hitzordu bat ere jarrita dute dagoeneko. Elkartearen gaineko asmoez eta dituzten helburuez informazioa jaso nahi duten herritarrek biharko hitzaldira azaldu besterik ez dutela diote Bizilorekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide